Iñaki Graciaren aurkako ekinbideak abiatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak
Preso ohi errenteriarraren eta Mikel Albisuren kontrako neurriak hartu ditu erakunde horrek, Gregorio Ordoñezen hilketaren harira.
[Berria egunkaritik jasotako informazioa]
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Alejandro Abascal epaileak diligentzia gehiago abiatu ditu Iñaki Gracia errenteriarraren eta Mikel Albisuren aurka, biak ala biak euskal preso ohiak. 1995ean Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hiltzearen erabakia hartu izana leporatu nahi die auzitegiak biei, eta, horrekin lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera igaroak dira biak jada. Auzitegiak pasaportea kendua die bi euskal preso ohiei, eta ezin dute Espainiaren menpeko lurraldetik atera.
Abascalek dokumentuak bildu nahi ditu orain kasuaren inguruan, eta Guardia Zibilari eskatu dio horiek bilatu eta analiza ditzala. Ordoñezen hilketaren aurreko, bitarteko eta ondorengo ETAren batzorde exekutiboko aktak ikertu nahi ditu, besteak beste jakiteko bi euskal herritarrak bilera horietan egon ote ziren, baita horietan aipatu ziren gaiak zein izan ziren ere.