Velascoko etxebizitzek badituzte behin-behineko jabeak
Atzo egindako zozketan esleitu zituzten San Pedron eraikiko diren 39 etxebizitzak. Horietako hemeretzi gazteentzat erreserbatu dituzte.
Atzo arratsaldean egin zen, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, Velascoko babes ofizialeko 39 etxebizitzen zozketa. Hainbat eta hainbat pasaitar hurbildu ziren Izaskun Gomez alkateak eta Loreto Osa Hirigintza zinegotziak zuzenduriko esleipen ekitaldira; prozedura Miguel Angel Sanchez notarioak ikuskatu zuen.
Sustapena osatzen duten 39 etxebizitzetatik hamahiru, hiru logelakoak dira eta gainerako 26ek bi logela dituzte. Azken horietatik hemeretzi, 1986 urtean edo geroago jaiotako gazteentzat erreserbatu dira. Era berean, hiru logelako bi etxebizitza erreserbatu dira mugikortasun murriztua duten lagunentzat, eta gainerako 11 etxebizitzak familia eskatzaileen artean zozkatu dira.
Alkateak oso positibotzat jo du Velascoko etxebizitzen sustapen berria, eta konpromisoa hartu du udaletik lanean jarraitzeko pasaitarren etxebizitza babestuen beharrei erantzungo dieten sustapen berriak aurrera ateratzeko. Osak bide beretik egin du: “Ahalegin berezia egin dugu udalerriko gazteentzat etxebizitzak erreserbatzeko, guretzat oso garrantzitsua baita Pasaian bizi-proiektu bati ekin ahal izatea.”
Zozketatik ateratako zerrendak Etxebidera bidaliko dituzte, babes ofizialeko etxebizitzen oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Behin-behineko zerrendak, dena den, Pasaiako Udalaren webgunean argitaratuko dituzte notarioaren akta jaso eta berehala (aurreikusi dute gaur bertan izango dela hori).