Egitarau zabalarekin dator Martxoaren 8a
Gaurtik hasita, eta hilabete bukaera bitarte, jarduera ugari antolatu dira Errenteria-Oreretan Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, gainean dugu, eta Errenteriako Udalak, hainbat eragile, talde feminista eta Berdintasun Kontseiluarekin batera, egitarau anitz eta zabala antolatu dute. Gaur goizean Emakumeen Etxean eginiko agerraldian, Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak eta programazioan parte hartuko duten hainbat eragilek aipatu dute hilabete osoan zehar mota askotariko ekintzak antolatu direla, betiere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen jabekuntza bultzatzeko helburuarekin.
Jarduerak gaur bertan hasiko dira Banderaren Igoerarekin. Emakumeen Etxetik 19:00etan abiatuta, emakumeek Gabierrotako biribilgunean ezarriko dute bandera morea, eta bertan geldituko da hamar egunez.
Honakoak dira hilabete guztirako antolatu diren jarduerak:
- Martxoak 4, ostirala. Banderaren Igoera. 19:00etan Emakumeen Etxetik abiatuko da, eta bandera morea Gabierrotako biribilgunean ezarriko dute hamar egunez. Berdintasun Kontseiluak eta Oreretako Asanblada Feministak antolatu dute.
- Martxoak 5, larunbata. 20:00etan, Lekuona Fabrikan, Partekatuz proiektuaren ‘Emakumeok mugimenduan. Testimonios de migración’ antzezlana egingo dute Errenterian bizi diren hamar emakume migratzailek. Euren bizipen, desira eta beldurren gainetik Errenterian bizitzearen begirada kaleidoskopikoa eskainiko dute protagonistek. Sarrerak hiru bidetatik eskuratu ahal izango dira bost euroko prezioan: sarrerak.errenteria.eus webgunean, Lekuona Fabrikan eta ikuskizuneko egunean leihatilan saioa baino ordu bete lehenago, beti ere sarrerak aurretik agortu ez badira.
- Martxoak 8, asteartea. 19:00etan Herriko Plazatik abiatuta, manifestaziora deitu dute Oreretako Asanblada Feministatik ‘Zapaltzen gaituen sistemari sua! Zaintza sistema publikoa eta komunitarioa orain!’ lelopean. Aurtengoan zaintzan jarriko dute fokua.
- Martxoak 10, osteguna. 19:00etan, Emakumeen Etxean, hitzaldia egongo da ‘Zergatik irakurri emakume idazleak’ gaiaren inguruan. Mertxe Tranche izango da hizlaria.
- Martxoak 12, larunbata. 12:00etan, Emakumeen Etxean, XII. Mariasun Landa sari banaketa izango da. Aurtengoan, bi emakumeren lanak sarituko dituzte: Maika Tameron eta Maria Jesus Aranburu. Berdintasun Kontseiluak antolatu du sari banaketa.
- Martxoak 12, larunbata. 18:00etan, Niessen Kulturgunean, bertso saio musikatua egongo da Izan Iñurri Elkartea eta Oreretako Asanblada Feministaren eskutik. Bertsolariak lau emakume izango dira: Onintza Enbeita, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Alaia Martin. Gai jartzailea ere, emakumea izango da: Amaia Agirre. Sarrerak hamar euroko prezioan eskuratu daitezke sarrerak.errenteria.eus webgunean. Ateratako dirua minbizia pairatzen ari diren emakumeak laguntzera bideratuko da, eta jorratuko dituzten gaiek errealitatean pasatako egoerekin lotutakoak izango dira. Ekitaldi kultural hori hainbat emakumek jasaten duten errealitatea erakusteko baliatuko da.
- Martxoak 13, igandea. 19:00etan, Niessen Kulturgunean, ‘360 gramos’ antzezlana ikusi ahal izango da. Ada Vilarok bular bakarreko gorputzaren edertasuna azaleratuko du ikuskizunean. Sarrerak zortzi euroko prezioan eskuratu daitezke sarrerak.errenteria.eus webgunean.
- Martxoak 19, larunbata. 20:00etan Lekuona Fabrikan, emakumeen rap gaua antolatu da La Furia eta El Virus taldeen eskutik. Gainera, La Furiak bere azken diskoa aurkeztuko du bertan: ‘Post morten’. Sarrerak zortzi euroko prezioan eskuratu daitezke sarrerak.errenteria.eus webgunean.
- Martxoak 26, larunbata. 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:30era, Emakumeen Etxean, Autodefentsa Feminista ikastaroak egongo dira Maitena Monroy irakaslearen eskutik. Tailerretan parte hartzeko aurrez izena eman behar da.
- Martxoak 30, asteazkena. 17:00etan, Emakumeen Etxean, ‘Nik ere baditut ikasketak, nola homologatu ditzaket?’ hitzaldia egongo da. Bidez Bide Elkarteak eta Emakumeen Etxeak antolatu dute.
- Martxoak 30, asteazkena. 18:00etan, Niessen Kulturgunean, zineforuma egongo da JaneGamon Hirigintza Taldearen eskutik. ‘Emakumeen hiria’ filma proiektatuko dute, eta sarrera doakoa da.
OzZinemak ere bi film proiektatuko ditu hilabete honetan, eta sarrerak lau euroan eskuratu ahal izango dira Niessen Kulturgunean:
- Martxoak 15, asteartea. 19:ooetan, Niessen zinema aretoetan, ‘En realidad, nunca estuviste aquí’ filma proiektatuko da.
- Martxoak 22, asteartea. 19:00etan, Niessen zinema aretoetan, ‘Zola’ pelikula botako da.
- Martxoak 23, asteazkena. 18:00etan, Niessen Kulturgunean, ‘Entre nosotras’ filma jarriko du Amalatz Talde Feministak. Sarrera doan da.
Erakusketak:
- Martxoaren 4tik 13ra. ‘Kakorratzez emakumeen arteko sareak ehuntzen’ erakusketa egongo da Errenkoalderen bidez Errenteriako komertzioen erakusleihoetan. Joskintzan jarduten duten emakumeen lanak erakutsiko dira.
- Martxoaren 5etik apirilaren 30era. Inudeen erakusketa egongo Jantziaren Zentroan. Horrez gain, martxoaren 8an eta 12an ordu erdiko bisita gidatuak egingo dira. Horietarako aurretik izena eman beharko da jantziarenzentroa@errenteria.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.
Egitarautik harago ere beste ekintza batzuk antolatu dira. Labore Oarsok lehenengoz bi emakume baserritar ekoizle sarituko ditu martxoaren 19an Xabier Olaskoaga plazan. Horrez gain, Linoko horma irudi berria probestuz, herriko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeek lanketa berezia egingo dute Martxoaren 8ko testuinguruan.