Gorpuztuak
Hilean behin jartzen naiz ordenagailu aurrean hitz gutxi hauek idazteko asmoz. Batzuetan, hilean zehar irakurritakoak edo entzundakoak gogoan, ez dut jakiten zer gairi buruz idatzi. Beste batzuetan, aldiz, ideiak gainezka izaten ditut. Badira barreneraino sartzen zaizkidan gaiak. Urteetan ingurukoei entzundakoak eta gorpuztutakoak gogorarazten dizkidatenak.
Gorputzean islatzen dugu bizitakoa. Presentzian. Aldi berean, gorputzaren bidez gara ikusgarri. Eta esango nuke emakumeen kasuan gorputzak baldintzatu izan duela maiz gure bizitzeko modua. Besteen begiradetatik izan garela eraikiak. Besteen botere nahietatik izan garela zailduak.
Erditzea. Erditze naturala izatea. Zer ote naturala barrua zartatuko zaizula dakizunean? Zer zartatzen hasi zaizula sentitzean. Elkar egitea omen. Amak egiten gaituenean gu, guk egiten dugulako bera ama. Ama izatea. Izango al zuten gure amek beste aukerarik? Eta gaur egun ama ez den emakume izaterik? Amondu gabe zahartzerik?
Ispiluari aditzea. Aurrez aurre jarri eta ezin ikusi gaituzten bi begi horiei begirada luzatzeko ariketa. Zimurtzen ari zaigun azal biziari erreparatzea. Laurogeita hamar, hirurogei? Nork agindutako neurriak ote? Nori neurtutakoak? Modako oihalak eskutan, aldageletan sartu eta kabitu ezinik gaudela, besterentzat eginak direla irentsi beharra. Sartu hemendik, gora bestetik. Nork marrazten ote ditu edertasunaren kanonak? Nork irentsi? Nork ez?
Bizitzan egindako ibilbideak marrazten ditugu gorputzean. Ezinbestean. Baina gure larruan gauzatu ez direnenek utzitako arrastoak ere egiten gaituzte gu.
Mintzea. Gorputzaren ezina. Edo ezinaren gorpuztea. Orbain guztiak berdinak ez direnean. Minbizia. Bat-batean bizitza hari batean duzula ezin onartu zabiltzanean, lotsaren beldurra gehitzea. Burua estaltzen digun ilea galtzekoa. Lehendik ere ispilu aurrean buruhauste gutxi ez eta bularraren ausentzian berriro begiratzekoa. Kalera irteterakoan bidean gurutzatuko dituzunen begiradaren norabidea sumatzekoa.
Torturatua izatea. Izua urdaileraino eta hezurretaraino izoztea. Bihotz taupadak geldi daitezen besterik ez desio izatea. Hain umilgarri, hain zikin. Gorputz erabilia. Eskuak bizkarrean, heldulekurik gabeko ur-putzu sakonean deuseztatua izatea. Hurrengo bulkada iritsi aurretik biziak ihes egitea besterik nahi ez izatea. Eztarritik eta sudur-zuloetatik barrena. Ezagun duzun emakumea, itsasoan bainatzean, orduko bizipenek astintzen dutela aditzea.
Hilabetea pasa den honetan jarri naiz berriro ordenagailu aurrean. Zenbaitetan ez dut jakiten zertaz idatzi, bestetan, aldiz, gaiak gainezka izaten ditut. Hala gorpuztu zaizkit azken asteetan.