[Erreportajea] Batukada Feminista, emakumeen ahalduntzerako
Hainbat urte daramatza Errenteria-Oreretako Batukada Feministak lanean. Musika egiteko aitzakiarekin, emakumeen jabekuntza prozesuan eragin nahi dutela azaldu du Ainara Sarasketa irakasleak.
Errenteria-Oreretako Batukada Feministako kideak. Batukada Feminista Errenteria-Oreretako 26 emakumek osatutako taldea da. Hamabostean behin elkartzen dira Emakumeen Etxean entseatzeko, ondoren ikasitakoaren bidez kaleak hartu eta ikusgarritasuna emateko.
Ainara Sarasketa da batukadako irakasleetako bat, eta argi azaldu du zertan datzan batukada feminista bat: «batukada feminista bat da perkusioa erabiltzea emakumeen jabekuntzarako. Batukada tresna bezala darabilgu taldean jabekuntza prozesu bat hasteko. Jendea guregana musika ikastera dator, baina baita ere ahalduntze prozesua garatzera, hori da nahi duguna».
Sarasketak argi utzi du batukadan hasteko ez dela beharrezkoa musika jakitea. «Guk beste helburu batzuk ere baditugu. Guregana datorren jende asko aitzakia modukoekin dator, esanez ez direla gai izango instrumentua jotzeko musikarik ez dakitelako. Baina gure proiektuaren oinarria da musika erabiliz jendea erakartzea, bakoitzak bere lanketa pertsonal zein taldekoa egiteko», eutsi du. Hori dela eta, musika jotzeaz gain, autoestimuaren lanketa, talde kohesioa, elkar zaintzea edota feminismoa ardatz duen eztabaiden gainean hausnartzen dute.
Batukadan hasteko baldintza bakarrak «zure burua ez epaitzea, aske eta lasai sentitzea eta disfrutatzera etortzera» direla esan du Sarasketak: «Bertaratzen diren emakumeek ikusiko dute nola denen artean abestiak aurrera ateratzeko gai izango diren».
Batukadako irakasleak ahalduntze prozesuaz gain, ikastaroetan sortzen diren harremanei balioa eman die: «Hona datozen emakumeek ikusten dute espazio seguru eta aske bat dela. Ohikoa da jendeak bere emozioak edo arazoak azaleratzea, eta horrek harremanetan konexioa egiten du. Nik ikusi dut nola jendeak elkar lagundu dion ondokoari, eta taldearen indarraz nola lagundu zaion beharra zuenari».
Hori dela eta, askok diote batukada klaseak batuterapia moduko bat direla, bi ordutan dena ahazten laguntzen dizuna. Gemma Mariezkurrena batukadako kide da, eta onartu du batukada klaseetan harentzat tartea hartzen duela, besteekin elkarlanean. «Oso ondo eta aske sentitzen zara bertan. Horrez gain, kontaktuak egiten dituzu beste zenbait emakumerekin eta gauzak egiten dituzu elkarrekin».
Atzetik dagoen guztia azalduta, kaleak hartzeko unea da, gizarteari Batukada Feminista presente eta indarrez dagoela erakusteko. «Guretzako garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea eta kaleak hartzea. Jendaurrean talde baten babesaz azaltzea ahalduntze prozesu bat eta aldarrikapen bat da, jendeak ikus dezan kalea ere gurea dela eta erdian egon nahi dugula. Gainera, gutxika espazioak hartzen goaz», baietsi du irakasleak.
Batukadak saretuz
Batukaden proiektua 2012an abiatu zutela adierazi du Sarasketak. Momentu honetan hamaika talderekin daude lanean, eta urteen poderioz, herri askotan izan dira. «Gure proiektua hasieratik ikusi genuen saretu behar zela. Gaur egun sare bezala funtzionatzen dugu, eta irteerak sare bezala antolatzen ditugu. Denen artean sortzen den konexio eta indarra ikaragarria da».
Urtero topaketak egiten dituzte. «Sare osoa elkartzeko modu bat dira topaketak. Formazioa jasotzen dugu ikastaroen bidez. Saretzen eta talde izaera eraikitzen laguntzen dute», zehaztu du Batukada Feministako irakasleak.
