Udala: "Añarberekin hitzarmena herriaren onurarako da"
Udal gobernuak herriko urak kudeatzeko Añarberekin sinatuko duen hitzarmenaren onurak defendatu, eta EH Bildu kritikatu du.
Udala kudeatzen duten alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) herriko urak osotasunean kudeatzeko Añarberekin sinatzekoa den akordioa defendatu, eta aldi berean gaiaren gainean EH Bilduk esandakoak erantzun dituzte. “Lezoko Udalak argi utzi nahi du: hitzarmen hau herriaren onurarako da”. Otsailaren 23an onartu zen ezohiko udalbatzarrean akordioa, gobernukideen aldeko botoarekin eta EH Bilduren kontrakoarekin.
Hitzarmenaren bitartez, Lezoko urak erakunde bakar batek kudeatuko dituela adierazi du udalak, “horrek administrazio publikoei eskatzen zaien efizientzia ekarriko du, eta bikoizketak ekidin”. Gainera, industrialdeetako eta landa eremuko ur hordidura bermatuko dela azaldu du, lehenen kasuan suteen aurrean, eta landa guneei dagokienez sasoiaren araberako ur gabeziak ekidinez. Uraren kalitateaz ere hitz egin du udalak: “Urte osoan uraren kalitatea berbera izango da, euri jasa handiek Monatxoko sisteman eragiten duten ur-uhertasun gertakariak saihestuz”. Monatxoko sistema Jaizkibelgo urak kudeatzen dituena da (herriko kontsumoaren %30a), eta hitzarmenaren bidez, sistema hori berrituko dela adierazi du udalak, Darietako sisteman egin beharreko lanek (Añarbek egun kudeatzen duen sistema, herriaren beharrak %70ean asetzen dituena) iraun bitartean ur horniduran eragiteko, bahiz erreserbako errekurtso bezala erabiltzeko.
Añarbek, orotara 2.650.000 euroko inbertsioa (BEZa erantsi horri) egingo du Darietako sistema berritzeko hitzarmenean jasota dagoenez. Gainera, beste 587.000 eurogatik 1973an jarri zen eta herri kaskora doan hodi bakarra aldatuko du. Aldi berean, Juantene inguruan biltegi berria egingo du, Monatxoko sistema berritzeaz gain. Udalak diru kopuru horien %1,9 ordaindu beharko du, 61.000 euro inguru.
EH Bilduri erantzuna
Oposizioak esandakoak erantzuteko argudioak zabaldu ditu gobernu taldeak. Batetik, nabarmendu nahi izan du Jaizkibeldik datorren ura ez dela Lezokoa, “ondasun publikoa da. Gainera, Monatxoko hartuneak Pasaiatik datoz. Ura Lezo partaide den mankomunitate batek kudeatzen jarraituko du”. Añarbeko Mankomunitatearen barruan hamar udalerri daudela zehaztu du udalak, eta Lezokoaren antzerako kasuak horietatik seitan ematen direla adierazi du, “mankomunitatearen barnean EAJ, PSE-EE eta EH Bildu daudelarik”.
Beste datu bat eman du udalak: Gipuzkoako Urak Mankomunitatean (Añarben eta Txingudiko Uren Mankomunitateetan ez dauden udalerriak daude bertan) dauden 77 udalerrietatik 72tan erakunde horrek zuzenean kudeatzen du uraren %100a. “Ulertezina da beste herriek baikor baloratzen duten erabaki bati (EH Bilduk gobernatzen dituen udal batzuetan bultzatzen dena gainera,) Lezon ezezkoa eman eta negatibotzat baloratzea”.