Berdintasunaren aldeko zortzi konpromiso hartu ditu udalak
Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz, adierazpen instituzionala egin du Pasaiako Udalak. Zortzi erronka izango dituzte aurten.
Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara, adierazpen instituzionala kaleratu du Pasaiako Udalak. Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako 4/2005 Legearen aldaketa onartzeari balioa eman diote udal arduradunek aurtengoan, “jauzi kualitatiboa” baita hori arau esparruan berdintasunaren alde.
Bide horretan aurrera egiteko zein alderditan sakondu behar den identifikatu dute: politika publikoetako berdintasunean; emakumeen ahalduntzean; zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatzean; gizonak berdintasunean inplikatzean; pobreziaren feminizazioa gutxitzean; emakumeen sexu-askatasunaren alde; eta hezkuntzan.
Zortzi konpromiso zehatz hartu dituzte, aldi berean, tokiko gobernariek:
- Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea.
- Berdintasunaren aldeko lanean generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
- Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza-plana progresiboki plani katuz.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz, eta biktimen erreparazio-eskubidearen aitorpena aintzat hartuz.
- Ikuspegi intersekzionalaren integrazioan aurrera egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi inspiratzaile gisa.
- Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, eta kanpainak eta programak bultzatzea, gizartea kontzientziatzeko (batez ere, gizonak eta haurrak), eta emakumeak ahalduntzeko.
- Berdintasunaren aldeko eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz.
- Erakundeen akordioak eta koordinazio-sistemak eta – protokoloak hobetzea eta aldian-aldian eguneratzea.