[Bideoa eta galeria] Lezoko emakumeen indarra, plazan
Morez eta kantuz. Horrela bereganatu dute Lezoko emakumeek herriaren erdi-erdian dagoen plaza. Ondoren, Errenteriako manifestazioarekin bat egin dute.
Gurutze Santuaren plaza emakumeena izan da gaur arratsaldean. Martxoaren 8ko mobilizazioarekin bat egin dute ehunka lezoarrek, gehienak emakumeak. Zapi moreak lepoan, Zapaltzen gaituen sistemari sua leloarekin bat egin dute.
Lezoko ekitaldia xumea baina arras esanguratsua izan da. Ilargi Arrizabalaga abeslariak, Anariren Vinu, cantares y amor kantaren dezibelioak herriaren erdi-erdian barreiatu ditu, bertan zirenek gaztearen ahots goxo eta hauskorra laguntzen zutelarik. Ondorenean, olerki batek plaza isilarazi du. Denak geldi.
Haur, gazte eta heldu. Denek ekin diote ondoren martxari Donibane kaletik Errenteria-Oreretarantz. Hango manifestazioarekin bat egin dute lezoarrek, askok gainera. Harro joan dira eskualdeko herri txikienetik handienera. Asko direlako, eta indar handia dutelako.