[Galeria] Neska gazteek aldarri morez bete dituzte kaleak
Zirika neska taldeak eta Ikamak antolatutako manifestazio zaratatsua burutu dute neska gazte eta ikasleek Emakumeen Nazioarteko Egunean.
Herriko ikastetxeetako neska gazte eta ikasleek herriko kaleak aldarri morez bete dituzte gaur goizean Zirika Neska Taldeak eta Ikamak deitutako manifestazioan. ‘Neska gazteok elkar zaindu, zisheteropatriarkatua zapaldu’ lelopean, neska gazteek manifestazio zaratatsua burutu dute herriko kaleetan barrena.
Manifestazioa Zumardian bukatu da, eta neskek bertan irakurri dute Emakumeen Nazioarteko Egunerako sortu duten manifestua. Kaleak hartzeari garrantzia eman diote, “neska gazte eta ikasle izateagatik sufritzen ditugun problematika zehatzak salatzeko, ukatuak izan zaizkigun espazioak hartzeko eta gure artean saretzeko”. Horrez gain, sistema zisheteropatriarkal, kapital eta arrazistak jo puntuan ezarri dituela aipatu dute, eta azken urteotako egoerak “bizitzen genituen zapalkuntzak areagotu eta azaleratu ditu, gure bizitzak baldintzatuz eta hankaz gora jarriz”.
Trans pertsonen eskubideen aldarrikapena ere egin dute, eta aurrerapausoak eman badira ere, “iritzi bat gehiagoren gisan salatutako mezu baztertzaile eta zapaltzaileak” ukatu behar direla esan dute. Mezu horien aurrean matxinatuko direla eutsi dute, “gorputz disidenteen borroka baita gurea”. Horren aurrean, eraso transfobo eta lgtbfobo oro salatuko dutela nabarmendu dute.
Krisialdiak enpleguan eragin zuzena izan duela berretsi dute, eta afera hori batez ere zaintzari dagozkion eremu feminizatuetan areagotu dela. “Kolpatuenak arlo hauetan diharduten eta egoera irregularrean dauden emakume langileak izan dira, eta aldarrikatu nahi dugu enplegua duina eta kalitatezkoa izan behar dela”, salatu dute neska gazteek.
Aldarrikapen horien guztien aurrean, fokua elkar zaintzan eta komunitatean jarri behar dela baieztatu dute neskek, “gure arteko elkartasun sareak ehuntzea inoiz baino garrantzitsuagoa baita”. Aurrerapausoak ematen jarraitzeko, “mugimendu feminista indartsu eta anitz bat behar dugu, inoiz baino antolatuago, saretuago eta kritikoago mantentzen dena”. Mugimendua indartzen jarraitzeko “gero eta gehiago izan behar dugu mugimendu feministaren parte aktibo garen emakumeok, eta horrekin batera neska gazteok, horregatik, neska gazteok antolatzeko eta borroka feministara batzeko deia egiten dugu”. “Ardura kolektiboz jokatzea, gure jardun feminista mantentzea eta borrokatzen jarraitu behar dugu, elkar zainduz, saretuz, gure artean konspiratzeko espazioak sortuz eta kaleak gure eginez” azpimarratu dute neskek. Bukatzeko, esan dute “sistema bortitz honen aurrean kalean topatuko dugu elkar, neska gazteok elkar zainduz zisheteropatriarkatua zapalduko dugulako”.