Eneritz Furyak, Gezalan
Bihar (osteguna, hilak 10) izango da irundarraren kontzertua Gezala Auditoriumean, 20:00etan hasita. Sarrerak 8 euroan eros daitezke.
Eneritz Furyak musikari irundarrak kontzertua emango du hilaren 10ean (osteguna) Lezoko Gezala Auditoriumean. 20:00etan hasiko da Euskal Herriko musikaren panoraman azken urteetan nabarmendu den ahotsaren emanaldia. Sarreren prezioa 8 eurokoa da.
Hirugarren diskoko kantak defendatzen ari da Furyak hango eta hemengo oholtzatan, Emadan (2021). Azken lan horren aurretik beste bi eginak ditu bakarka, Eneritz Furyak (2017) eta Zaldu Zuria / Maskara (2018).
Badok.eus atarian, honela definitzen dute Furyaken egitekoa: “Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa bere kantuetan. Sortzeko modu sinpleagatik, kantuen trinkotasunagatik, bere kabuz eta eskura dituen tresna apurrekin produzitu nahiz grabatzeagatik”.