Pasaia Itsas Festibalaren barrutikako egitaraua aurkeztu dute
Xabier Agote, Albaolako presidente eta PIFeko zuzendariak, lau guneei buruzko aurrerakina egin du goizean Juanba Berasategin.
Gaur goizean egin dute, Donibaneko Juanba Berasategi Kulturgunean, maiatzean izango den Pasaia Itsas Festibalari buruzko xehetasunak emateko prentsa gosaria. Bertan hitza hartu dute Pasaiako alkate eta PIFaren presidente Izaskun Gomezek, Albaolako presidente eta PIFeko zuzendari Xabier Agotek eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak.
Udalburuak aurrekontuaren berri eman du: 700.000 euro inguru inbertituko dituzte (aurreko ekitaldiaren berdintsu) kultur jaialdian. Gomezek aitortu du oraindik behin-behinekoa dela zifra, eta aurrerantzean maizago eta tantaka emango dituztela festibalari buruzko zehaztasunak. Barrutiz barruti antolatuko dituzten jardueren aurrerakin bat egin du, dena den, Agotek:
- San Pedro. Barruti honetan egongo da, festibalaren zuzendariaren hitzetan, “itsas ondarearekin loturiko eduki nagusia”. Bertara helduko dira itsasontzi handiak, bertoko moila iritzi dutelako harrerarako egokien. Lehorrean itsas ondarearen elkarteak egongo dira, artean, Euskal Itsas Museoa. Itsasoarekin loturiko lanbide tradizionalak ere irudikatuko dituzte San Pedroko kaleetan barrena.
- Trintxerpe. Itsasoarekin eta elkartasunarekin lotura zuzena duten eragileak hartuko ditu barruti honek, beste hainbaten artean, Aita Mari. Ontzia bertan izango den ez dakite oraindik, horren egitekoak zail egiten baitu epe luzerako aurreikuspenak egitea; dena den, elkartea Trintxerpen izango da, erakusketa batekin.
Ingurugiroarekin zerikusia duten tripulazioek ere amarrak lotuko dituzte Trintxerpen, besteak beste, sanpedrotarra den Mater Itsas Ontzi Museo Ekoaktiboa.
Itsasoarekin zerikusia duten gaur egungo zenbait lanbidek ere lur hartuko dute trintxerpetarren artean. - Donibane. Itsasoarekin zerikusia duten artisauak egongo dira bertan, eta baita festibalaren kudeaketaren ardura izango duen bulego teknikoa ere.
- Antxo. Zenbait erakusketa jarriko dituzte barruti horretan. Horrez gain, lau barrutietan, Antxo barne, kontzertuak ere izango direla baietsi du Albaolaren sortzaileak.
Denera 150 itsasontzik egingo dute Pasaiara bidea maiatzaren 26tik 29ra bitarte. Datu horretan arreta jarri du zuzendariak, izan ere, 2018ko edizioan 110 izan baitziren, eta zifra horretara ez iristea zen hasierako aurreikuspena. Hori horrela, “lorpen handi” iritzi dio Agotek aurtengo kopuruari, are gehiago pandemiaren testuinguruan.
Etorriko direnen artean, lau itsasontzi handiren presentzia nabarmendu du zuzendariak, baten izena publiko egin duelarik (datozen asteetan iragarriko dituzte besteak): La Recouvrance, Bresteko (Bretainia) zurezko belaontzi enblematikoa. 1991ean eraiki zen erreplika, eta “Brest udalerria ordezkatzen duen itsasontzia” dela aitortu du Agotek.
Portugal, ohorezko gonbidatu
Dagoeneko jakina denez, Portugal izango da 2022ko ekitaldiaren ohorezko gonbidatu. Zentzu horretan, zenbait “zailtasun” izaten ari direla aitortu du zuzendaritzaren arduradunak, eta oraindik “inkognita” bat dela estatu horren ordezkaritza badiara ekartzeak zer suposatuko duen.
“Oraindik kili-kolo dagoen gaia da”, aitortu du, “egungo egoerak zenbait zailtasun jarri dizkigu aurrean eta horiei irtenbidea aurkitzen saiatzen ari gara”. Datozen asteetan kultura portugaldarra Pasaiara ekartzeko plana bideratuta izango dutela espero du.
Zaporeak, laguntza bila
Enara Novillo Albaolako Komunikazio arduradunak aurtengo ardatzetako beste baten berri eman du: 2022ko edizioan Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkartea izango da tripulazioen otorduak prestatuko dituena. Lortutako dirua euren egitekoan inbertituko dute, hots, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen jarraituko dute.
Novillok aurreratu du datozen asteotan elikagai horiek lortzeko laguntza galdegingo duela elkarteak. Oraindik ez du aurreratu zer-nola eskaini ahal izango zaien esku bat, ez eta harremanetarako kontakturik eman ere, baina laguntzeko prest egon daitezkeenak PIFren berriei adi egotea komeni da. Informazio gehiago, festibalaren webgunean.