Mugimenduak eta audio-mezuak
Ez dut ukatuko, betidanik gustatu izan zait kaletik ikusten dudan jende ezezagunaren bizitza asmatzea. Nora doan, nondik datorren, zergatik daraman Anarik kantatzen duen jertse gorri hori, zerk kezkatuko ote dion eta zerk poztu… Eta azkenaldian bada kuriositatea sortu didan kontu bat: nor izango ote duen mugikorraren beste aldean. Nor, pertsonari erreferentzia eginez, eta zein aplikazio izango duen asmatu nahian.
Ez naiz ni izango sare sozialen, mugikorren edota tresna digitalen erabileraren epai moralik egingo duena, ez irakurketa politikorik, ezta poesia merkerik ere. Begirada bat besterik ez da nirea.
Baina aztertuak ditut kaletik ikusten ditudan horien mugimenduak. Bi eskuekin mugikorra heldu eta bi eskuetako hatz potoloenekin idazten dugu zuzenean koloretako telebista ezagutu dugunok; gure gurasoek burua atzerantz egin, betaurrekoak jaitsi eta hatz erakuslearekin idatzi ohi dute. Eta gure aiton-amonek, telefonoz deitzen dute edota aiton-amona modernoek hiru minutu idazten… pasako dituzte muxu ematen dagoen emotikonoa bidaltzeko.
Hatz potoloarekin gorantza mugituko dugu pantaila Twitterren, pantailaren eskuinaldeari klik emango diogu Instagramen, hatza eskuinerantz edo ezkerrerantz pasa Tinderren, pantailaren erdialdeko aukeren bati sakatuko diogu Egunean Behinen.
Mugimenduen bidez aztertzen saiatzen naiz pertsona bakoitzaren atzean dagoena. Baina azken boladan, modan dagoen mugimendu berri bat sumatu dut: eskuin eskuko hatz potoloarekin mugikorraren behekaldeko eskuin ertza zapaldu eta hitz egin. Audio-mezuak.
Audio-mezuak bidaltzen dituztenei erreparatzen pasa dut azken astea kaletik nindoan bitartean. Mugimenduaren bidez aplikazioa asmatu beharrean. Aurpegiko keinuen, eskuen mugimenduen eta tonuaren bidez kontatzen ari zirena fikzionatzen ahalegindu naiz, ariketa dibertigarria, horra gonbita probatu nahi duenarentzat. Eta sasi-ikerketa honetatik ondorio bat atera dut: Whatsappeko audio-mezuak bidaltzen hasten garenean, pertsona horrekiko gure harremana aldatzen da. Konfiantzazko harremanetan erabiltzen dugu tresna hau, eta konfiantza gehiegi dugunekin audio-mezuak ez ezik, podcastak ere bidaltzen dizkiegu, irratia piztu beharrik izan ez dezaten, gure dramak aditzearekin nahikoa dute.
Ikerketaren ondorioak podcastak bidaltzen dizkiodan lagun batekin partekatu ditut, nire hipotesian berresteko (zorionez edo txarrez, oraindik ere gure usteak egiaztatzeko besteen aitortza jasotzera behartzen dugu gure burua). Eta ez da audio-mezu bidez izan, paseatzen ari ginen, jendearen mugimenduei begiratu bitartean. Ongi daude podcastak, baina ibilian sortutako elkarrizketak dira onenak.