Korrikarekin establezimendua apaindu, eta saria irabazi
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Korrikaren harira erakusleiho lehiaketa antolatu du. Orotara, bost sari emango dituzte.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, Korrikaren harira, Euskaparate lehiaketa antolatu du. Oarsoaldeko merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltoki guztiek parte hartu ahal izango dute, eta lehiaketaren funtsa da Korrikarekin edo euskararekin harremana duten gai edo bestelakoekin erakusleihoak apaintzea. Derrigorrezko atal bat dago: erakusleiho horretan nahitaez jarrita egon behar du nonbait Korrika hitzak. Erakusleihorik ez duten establezimenduek ere parte har dezakete lehiaketan, barrualdea atonduz.
Erakusleiho edo saltokiek hilaren 21etik apirilaren 11ra arte egon beharko dute apainduta. Epaimahaiak hilaren 21etik 30era bisitatuko ditu horiek. Nora joan jakiteko, ordea, aldez aurretik lehiaketan parte hartu nahi dutela adierazi behar dute denden jabeek, honako loturan dagoen formularioan eman behar da izena (han daude oinarri zehatzak).
Sariak: eskualdeko sari handia, eta Oarsoaldeko herri bakoitzeko bat daude, beraz, bost orotara. Sari nagusia eskuratzen duenak 400 euroko deskontu bonu sorta jasoko du, eta herrietako irabazleek 200ekoa.
Oarsoaldeko Euskara Batzordean Errenteriako, Pasaiako, Oiartzungo eta Lezoko udalek dute ordezkaritza. Korrikaren erakusleiho lehiaketak Prezio berean euskaraz! egitasmoarekin lotura du: urteko 365 egunetan merkataritza eta ostalaritza alorrean euskara sustatzeko egitasmoa da.
