[Erreportajea] Zalantzazko zimenduetan eraikitakoa
Apirilean Arramendi pasealekuko 3, 5 eta 7 atarietan bizi diren 30etik gora bizilagunen babes ofizialeko alokatze-kontratuak iraungiko dira. Arriskuan dira, enpresa sustatzaileak salgai jarri nahi baititu etxeak.
Orain dela ia 15 urteko egunkari baten titularrak hala zioen: «Arramendiko 40 babes ofizialeko etxeak [aurrerantzean BOE] esleituak izateko zorian dira». Errenteria-Oreretako Pontika auzoko pasealeku hartan 3, 5 eta 7 zenbakituriko atarietako errentariek gehienez ere 450 euroko hilerokoa ordainduko zuten eta «15 urteko denboraldia igarota», zehazten zuen, «errentariek etxebizitza erosteko aukera izango dute, BOEen erregimenpean».
Aurtengo apirilaren 16ean igaroko da epe hori; alegia, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Jaureguizar enpresa sustatzailearekin duela 15 urte sinatutako hitzarmena iraungiko da, aukera emanez azken horri etxeak salgai jartzeko.
Zioa da, bertan bizi diren 30tik gora bizilagunen artean, gaur-gaurkoz, «erosteko aukera duenik ez dela». Hala azaldu du 3. zenbakiko blokean bizi den Alfonso Gabarrik: «Orain arte ordainduriko alokairua ezerezean gelditzen da, eta hemen bizi garenok ezin diogu aurre egin hipoteka bati».
Atari horren lehen solairuan bizi den 70 urte inguruko bikote baten kondizioa hartu du ahotan egoeraren adierazle, baina baita berea ere: lau seme-alaba ditu, eta aitak azoka txikietan irabazten duenetik bizi dira, «justu-justu», emazteak ez baitu lanik.
Erosteko «aukera» horretan aukerarik ez dela salatu du bizilagunak, apirilaren 16a heltzean etxebizitza erosi nahi edo ezin duenak hura utzi beharko baitu, Jaureguizar enpresa jabearen asmoa bizitoki horiek saltzea baita, jakin ahal izan dutenez.
Jaureguizarreko Gipuzkoako arduradun Estitxu Aranburuk adierazi du eurek «legeak dioena bete» besterik ezin dutela egin [ez du HITZA-n beste adierazpenik egin nahi izan], baina bizilagunak defendatu du teilape horien alokairu-erregimena luzatzea, edo ez, jabeen hautu hutsa dela.
Borondate kontua dela baietsi du, halaber, Begoña Artetxe bizilagun ohiak. Hark 8 urte beteko zituen aurten apartamentu horietako baten alokatzaile gisa, baina egoera ikusita, aitortu du alde egitera behartuta ikusi zuela bere burua, eta La Rosaleda kanpinean (Oiartzun) bizi da joan den abuztuaz geroztik.
Artetxe izan zen, hain zuzen, Arramendi Plataforma sortu zuena Marian Lino bizilagunarekin batera (hark ere Arramenditik alde egin zuen Artetxeren ondoren) orain dela 2 urte inguru, baina etxea utzita ere ez du deslotu nahi izan.
[Etxebizitzak] erosteko «aukera» horretan aukerarik ez dela salatu du bizilagunak
Dozenaka bizilagun «kale gorrian» gelditzeko arriskuan egotea kasualitatea ez dela argi utzi nahi izan du Artetxek: «Urteotako alokatzaileei kontatu zaizkien bertsioak orotarikoak dira; astakeria hutsa». Hark 7 urte eman zituen bertan, baina eraikinen lehen okupaziotik bertan bizi denik ere bada, artean, Lino.
Denbora horretan zehar etxeak betetzen joan direnei horien etorkizunari buruzko informazioari «engainagarri» iritzi dio Artetxek, eta hastapenetara jo du esandakoa arrazoitzeko.
Askotariko bertsioak
«Denetarik esan izan digute» deitoratu du sortzaileak, «Marian [Lino] eta hasierakoei pisua erakustean esan zieten 15 urteak igarota zer gertatuko zen ezjakina zela, ez zegoela araudirik oraindik». Beste bizilagun bati hamabostaldia igarota erosteko aukera izango zuela azaldu zioten, eta ordura arteko alokairuan inbertitutakoa deskontatuko zitzaiola, kasu horretan, azken preziotik.
Deskontu hori ez da existitzen. «Hemen bizi garenok kanpotik datorren erosle baten prezio berbera ordaindu beharko genuke etxea eskuratzeko», dio Gabarrik. Azken horri honako azalpena eman zioten sinatzerako orduan: «Epea pasata salgai jarriko dira, baina lasai, orduan zerbait egingo da zuen alokairuak mantentzeko».
Artetxek aitortu du hari informazio osoagoa eman ziotela, erosteko aukeraren jakitun egin zutenean deskonturik ez baitzioten aipatu. Edonola ere, erosketa hautazkoa zela ulertu zuen hark, eta inolaz ere ez zuela etxea utzi beharko hura eskuratzeko baldintzak izan ezean.
Sinaturiko kontratuak zer dioen galdetuta, bide beretik jo du: «Dokumentuak dioena, hitzez hitz, honakoa da: ‘Gutxienez 15 urteko alokairua’». Gutxieneko hori nabarmendu du: «Gutxienez dio, eta ez gehienez. Ez du aipatzen ere hori igarota zer gertatuko den».
«Iruzurrezko» kudeaketa
2007tik honako errentamendu-kontratuak nahiz hutsik gelditu diren etxeen esleipenak nola egin diren ere gaitzetsi du egun kanpinean bizi denak, hitzarmenen luzapenak «iruzurrezkoak» izan direlakoan.
Legez, pisu hutsak betetzeko ardura Etxebiderena eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzarena da; horiek nork okupatuko zituen, ordea, Jaureguizarrek erabaki izan duela salatu du bizilagun ohiak. «Etxebidek zerrendak enpresari helarazi eta hura hasi zen aukeraketa egiten. Etorkizunean erosle bilakatzeko aukerak zituztenei esleitzen zizkieten».
Kontratuen luzapenekin antzeko jarduten zutela azaldu du: hots, horiek Etxebidek egin beharrean, Jaureguizarrek kudeatzen zituela zuzenean. «Eusko Jaurlaritza guztiz deslotu da; urteak daramatza gugandik deslotuta».
Begoña Artetxe. Arramendi Plataformaren sortzailea: «Eusko Jaurlaritza guztiz deslotu da; urteak daramatza gugandik deslotuta»
Ezjakintasuna da nagusi Arramendi pasealekuko bizilagunen artean, apirilaren 16ra arte ez baitiete jakinarazpen ofizialik helaraziko. Etxebizitzen merkatuko prezioak ikusita, beste edozein alokairu «imajinaezin» zaio Gabarriren familiari [366 euroko alokairua ordaintzen dute orain], eta are zaurgarriago dira orain Pontikako bizilagunak, antzinatasuna galdu baitute alokairu publikoko etxebizitzen eskatzaile gisa. «Gu ez goaz inora», irmo adierazi du, «lau seme-alaba ditut eta ezin naiz kalean gelditu, beste inora joaterik ez dut».
Artetxek garrantzia eman dio eraikina altxatzeko aldeek sinaturiko akordioari: Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari utzi zion orubea babestutako etxebizitzak egin zitzan, eta Jaureguizarrek funts publikoak izan zituen horiek eraikitzeko.
«Orain 15 urte zaurgarri zirenek zaurgarri izaten jarraitzen dute», eta horri gor ez egiteko galdegin du. Eskaera garbia da: babes ofizialeko alokairuak mantentzea eta bizilagunek euren diru-sarreren araberako errenta ordaintzea.