Ibai-Ondoren eraberritzea laguntzeko, herri afaria Tiñelun
20 urtez Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz "bahituta" izan ondoren, Ibai-Ondo berritzeko kanpaina abiatu du Tiñeluk.
Boluntario bat, Ibai-Ondoko barrualdean lanean. Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko 107 Herriko Taberna eta bestelako eraikinen nahiz ehunka konturen enbargoa dekretatu zuen duela 20 urte, Herri Batasunaren kontrako operazioen harira, 35/02 sumarioan bildu zituztenak. Lezoko Ibai-Ondo zegoen horien artean. “Orain, bahiketa honetatik libre, Tiñeluk erabaki du Ibai-Ondo herriari irekitzeko horren azpiegitura txukuntzea”, adierazi dute Tiñeluko iturrietatik. Inbertsio handia egin behar da Ibai-Ondon, eta hori finantzatzeko bideari ekin diote, kanpaina bat martxan jarri dute.
Lehen elkartasun iniziatiba herri afari bat izango da. Hilaren 25ean (ostirala) egingo dute. Afarirako sarrerak Tiñelun bertan eros daitezke, 20 euroan. Menua: zizka-mizka hotz eta beroak, oilasko betea hornigaiekin, eta budina (norbaitek menu barazkijalea nahiko balu txartela erostean jakinarazi behar du). Gainera, Errigoraren kutxa baten zozketa ere egingo dute. Hilaren 23a baino lehen hartu behar dira tiketak: 45 lagunentzako tokia dago.
Egoera
Azken 20 urteetan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigorra medio, Ibai-Ondon ezin izan da inolako mantenu edo berritze lanik egin. Horregatik, Tiñeluk adierazi du “Ibai-Ondo txukundu, leihoak aldatu, eta fatxada konpondu eta margotzeko diru dezente” beharko dela. Hori da elkartasun kanpainaren arrazoia.
Aurten 40 urte beteko ditu Tiñeluk. “Urte gogor bezain emankorrak izan dira hauek. Lezoko herri mugimenduaren parte izan da, eta langileen, abertzale feministen eta justiziaren aldekoen ondoan izan da beti”. Beraz, lezoarrei laguntza eskatu diete, babes keinua egin dezatela.
