Kultura eta artearen eremuan ere, jasangarritasunaz jardungo dute
Datorren martxoaren 31n, sorkuntzaren inguruko eskualdeko eragileek ekonomia zirkularraren inguruko ikastaroa jasotzeko aukera izango dute.
Heldu den martxoaren 31n, osteguna, “Recreakult” proiektuaren eskutik ekonomia zirkularraren inguruko ikastaroa eskainiko dute Oreretan. Tailerra sorkuntzan eta kulturaren sektorean dihardutenei eskainiko zaie, eta eragileon proiektuak ekoizpen eta kontsumoaren aldetik jasangarriak izatea izango du helburu. Era berean, etorkizunean sektoreko eragileen arteko balizko aliantzak eta lankidetzak zehaztea bilatuko da.
Topaketa hau Habian! ekintzailetza inkubagailuaren eskutik antolatu dute, eta Sandra Martinez Caballero zuzenbidean lizentziadun eta kultur kudeaketako ikasketak egin dituenak dinamizatuko du. Hitzordua goizeko 09:30etan finkatu dute, Habian!-en Oreretako egoitzan (Torrekua eraikinean, alegia). Hiru ordutako saioa izango da, eta bi zatitan banatuko dute; lehenengo zatia teorikoa izango da, eta bigarrena aldiz, praktikoa.
Antolatzaileek eskualde osoko sektoreko eragileei parte hartzeko deia luzatu diete. Izan ere, haien arabera berebizikoa da ekonomia zirkularra kultura sektorean lantzea. Kontzientziaziorako eta sentsibilizaziorako eremu izaki, egungo kontsumo ereduen inguruan hausnartzeko baliatu nahi dute topaketa.
Interesdunek esteka honetan topatuko dute informazio osoa.