“Saskibaloiaz disfrutatzen ari naiz, eta pozik nago horrekin"
Errenteriarrak honakoa du lehen denboraldia GBCn, elitean. Bere ametsa saskibaloi jokalaria izatea ez bazen ere, lan gogorrak horraino eraman du, eta kontent da egindako ibilbidearekin.
Sailkapeneko zortzigarren postuan zaudete, baina ohorezko postuetako lehia bizia da. Zer nolako lehia espero duzu denboraldi honetan?
Denboraldi hasiera irregularra izan genuen. Taldea hutsetik egin dugu, eta entrenatzailea ez zuen inork ezagutzen. Hasieran zaila egin zitzaigun, baina denborarekin eta entrenamenduekin gure artean ezagutu gara, eta nire ustez, orain emaitzak jasoko ditugu. Konbentzituta diot orain taldeak gora egingo duela.
Azken partidetan, baina, garaipenak lortu dituzue eta taldea gorantz doa. Igoera lortzeko lehian dagoen kluba zarete. Nola ikusten duzu taldea?
Ondo ikusten dut. Gure jokatzeko era alaia da, korri asko egiten dugu. Jendearentzat gure jokoa ikusgarria da. Taldea gogoekin ikusten dut. Egia da ere, nahasketa handia dagoela. Batzuen kasuan gure lehen urtea da LEB Oro Ligan, beste batzuek denbora gehiago daramate. Jokalariak ere Ligara egokitu behar izan gara, ni neu lehena, eta horrek eragina du hasieran. Orain bide onetik goaz.
Igandean duzue hurrengo erronka Mallorcan, Bahia San Agustin taldearen kontra. Jaitsiera postuetan daude, baina zer-nolako lehia espero duzue?
Erraza ez behintzat. Bazirudien hilda zegoen taldea zela bolada nahiko txarra izan zutelako. Partida asko galdu zituzten eta jokalari batzuk taldea utzi zuten. Azken asteetan fitxaketak egin dituzte eta partidak irabazi dituzte. Norgehiagoka oso zaila izango da. Jendeak kanpotik sailkapena asko begiratzen du, eta askok usteko dute jaitsiera postuetan dagoen taldea izanik lasai ibil gaitezkeela, baina ezin gara lasaitu. Ligako talderik arriskutsuenetakoa izan daiteke momentu honetan. Ez duzu ezer espero haietaz, eta haiek ere, ez dute ezer galtzeko. Horregatik uste dut partida zaila izango dela.
Zein dira denboraldirako jarri dituzuen helburuak?
Helburua argi dago play-offetan sartzea dela. Jendeak uste du ACB Ligatik jaitsita helburua igotzea izan behar dela, baina aurten gainontzeko taldeek ere dirua sartu dute eta Ligaren maila asko igo da. Guk dena emango dugu ahal diren partida gehienak irabazteko, baina nire ustez igoera ezin daiteke helburu zehatz bat izan. Proiektu berria dugu eta kluba aldaketa handia jasaten ari da. Horregatik, garrantzitsuena proiektua kontsolidatzea eta jendea berriro Illunbera eramatea da.
Aurten fitxatu duzu GBCrekin, baina aurrez ere izan zinen taldean. Nolakoa izan da itzulera hori?
Aurreko urtean etxetik kanpo egon nintzen, eta oso gustura aritu nintzen. Nire lehen ideia ez zen etxera itzultzea, baina klubarekin hitz egin nuenean zalantzekin hasi nintzen, eta gerora, baloratu nuen aukera ez zela txarra. Etxera bueltatzea beti da ona, eta alde horretatik ez naiz damutzen hartu nuen erabakiaz. Aurretik klubean egoteak lagundu dit. Egia da aldaketak egon direla, baina ingurua ezagutzen nuen.
GBCn egon zinen lehen etapan ACBn, Lehen Mailan, debutatzeko aukera izan zenuen oso gazte zinela. Nola bizi izan zenuen momentu hori?
Debutari ez diot horrenbesteko baliorik ematen. Egia da garai hartan ilusio handia egin zidala, baina kontziente nintzen hori bukatuko zela. Horrelako egoera bat berriro iritsi behar bazen ez nuen modu berberean iristerik nahi. Talde bateko fitxa izanda heltzea nahi nuen. Gogoan dut urte hura oso gogorra izan zela, baina azkenean saria izan genuen. ACBn debutatzea jende askoren ametsa da. Gainera, Baskoniaren kontra debutatu nuen Gasteizen. Partida irabaztear egon ginen eta minutu asko jokatu nituen. Ez nituen azken uneak jokatu, hasieran atera nintzen. Porfi Fisac entrenatzaileak konfiantza handia eman zidan, eta uste dut aukera aprobetxatu nuela.
Nolakoa izan da elitera iristeko bidea?
Inguru egoki batean sartzen zarenean, gauzak ondo egiten badituzu, bideak bakarrik eramaten zaitu. Nire txikitako ametsa ez zen saskibaloiko jokalaria izatea. Lan handia egin dut. Gauza bat egiten hasten naizenean ongi egitea gustatzen zait, eta ahal bada, hobetzen saiatzen naiz. Zorte ona ere izan nuen. Porfic Fisac-ek jokalari batzuk igo nahi zituen, eta niri esan zidatenean ezin nuen sinetsi saskibaloira jokatzeagatik ordaindu behar nindutenik. Lanak eta egoerak eraman naute nagoen lekura, eta horrekin geratuko naiz. Disfrutatzen eta gustura nagoen bitartean jarraituko dut.
Iaz Bartzelonan izan zinen Bartzelonaren bigarren taldean jokatzen. Nolakoa izan zen etxetik kanpo pasa zenuen lehen denboraldia?
Oso esperientzia polita izan zen. Etxetik atera nahi nuen, bakarrik bizitzea nolakoa zen jakiteko. Nigan interesatu zen taldea Bartzelona izan zen. Nire lehen ideia ez zen bertara joatea, baina iritsi bezain laster hartu nuen, Bartzelonari ez nion ezetz esango. Sinatu baino lehen Juan Carlos Navarrok idatzi zidan, eta ezin nion ezetz esan. Esperientzia oso ona izan zen, kluba oso handia da, eta dudan pena bakarra da COVID-19aren denboraldia izan zela. Bilatzen nuena aurkitu nuen, eta oso pozik nago horrekin.
Aurtengo denboraldia hastear zela, osasun arazo bat medio, kantxetatik at egon zinen denbora batez. Momentu gogorra izango zen, ezta?
Bat-bateko kontua izan zen. Urteak neramatzan zer nuen ez zekitela, baina larria ez zela esaten zidaten. Azkenean une bat iritsi zen non gelditzea eta benetan zer nuen bilatzea egin nezakeen hoberena zela ikusi nuen. Horregatik gelditu behar izan nintzen. Egia da inori ez zaiola gustatzen berri txarrak jasotzea, baina gauzak iristen diren moduan iristen dira, eta horrela hartu behar dira. Hasiera batean gogorra izan zen, baina uste dut pertsonalki aurrerapauso bat eman dudala. Jokatzen hobeto egongo nintzateke, ziur nago, baina niretzako denbora hartu nuen, eta oso ona izan zen. Nire hasierako ideia aurten bueltatu behar ez nintzela, eta agian, saskibaloia utzi behar nuela. Horrela planteatu nuen egoera. Baina esan zidatenean dena ondo zegoela ikaragarri poztu ninduen eta bueltan nago.
Osasun arazoa pasata, abenduan itzuli zinen kantxetara. Nola bizi izan zenuen itzulera hori?
Denboraldiaurre osoa galdu nuen. Une horretan entrenatzaileak arauak azaltzen ditu, jokalari bakoitzaren rolak finkatzen dira, eta ni bertatik kanpo egon nintzen. Taldearen dinamikan jarraitzen nuen, baina ez zen berdina. Entrenamenduetara nindoan baina bidaietara ez, ez nuen jokatzen. Kostatu zait taldera berregokitzea. Orain egokitua nago, baina hasiera ez zen erraza izan. Fisikoki puntuan jartzea izan da gehien kostatu zaidana.
Egoera hori pasata, nola doakizu sasoia?
Ondo doakit. Aurtengoa da nire lehen urtea kategorian, eta lana eta egokitzapena gakoak dira. Orain arte ez dut jarraipen asko izan lesioengatik. Horiek ez didate utzi erritmoa hartzen, baina nahiko pozik nago. Disfrutatzen ari naiz, eta hori garrantzitsua da. Baloratu behar da hasiera batean jokatuko ez nuen denboraldi batean lehiatzen ari naizela. Beti hobetu daiteke, eta horretarako astia eta gogoak dauzkat.
Denboraldiari zer eskatzen diozu?
Niri gustatuko litzaidake jendea Illunbera igotzea taldea animatzera. Hori da eskatu nahi dudana. Kirol arloan guk lan egin behar dugu hori pasatzeko, kantxan gauzak ondo doazenean errazagoa baita jendea harmailetara eramatea. Jendearengan ilusio falta nabari dut, eta horrek kezkatua nauka. Konfiantza daukagu egoera hori irauli eta jendea Illunbera igoko dela.
Nola hasi zinen saskibaloian?
Eskola Kirolean kirol guztiak gustuko nituen, ondo moldatzen nintzen guztietan. Ama profesionala izan zen saskibaloian eta aitak ere praktikatu zuen. Gurasoak beti egon dira saskibaloiarekin harremanean eta amak nik kirol hori probatzea nahi zuen. Ordurako altua nintzen, eta Easo taldearekin egin nuen lehen entrenamenduan denek nire altueragatik galdetzen ninduten. Oso lotsatia nintzen eta asko urduritu nintzen. Ez nuen lehen entrenamendu ona egin, ez nekien baloia ondo botatzen eta baloi asko galdu nituen. Oso gaizki pasa nuen. Entrenamendua bukatuta amari negarrez esan nion ez nuela itzuli nahi. Baina hark erantzun zidan hurrengoa beste egun bat izango zela, eta hurrengo entrenamendura animo indarberrituekin joan nintzen.
Nolakoa da Xabier Beraza jokalari bezala?
Energia sartzen duen jokalaria nahiz, gogotsu aritzen naiz beti. Kirol arloan ez naiz sartuko, nahiko subjektiboa baita. Saskibaloiaz disfrutatzea gustatzen zait eta jokaldi guztietatik saiatzen naiz gauza onak ateratzen. Taldeari nire espiritua kutsatzen saiatzen naiz.