Trabajadoriei eta lagundu zituzten emakume lezoarrei aitortza, liburuan
Lezokuak bildumaren laugarren emaitza larunbatean aurkeztuko dute, Gezala Auditoriumean, ekitaldi publiko eta irekian.
Lezokuak bildumaren laugarren emaitza larunbatean (hilaren 19an) aurkeztuko dute Xalto eta Brinko Animazio Elkarteako kideek, 12:00etan Gezala Auditoriumean egingo duten ekitaldian. Aurkezpen irekia da, edonor joan daiteke. Sailaren laugarrenaren izenburua Esklaboen barrakoiak da.
Mikel Susperregik landu ditu testuak, eta horiei Lander Zurutuzak eman die zentzu handiagoa egin dituen ilustrazioekin: 1936ko gerraren ondorengo urteetan Jaizkibelen behartutako lanak egin zituztenen gainekoa da lana, eta aldi berean, haiek lagundu zituzten emakume lezoarrei eginiko aitortza liburua da. Trabajadoriek lezoarren laguntza jaso zuten, emakumeena gehienbat. Gaur aurkeztu dute sormen euskarria egileek, nahiz Jesus Mari Martiarena alkateak eta Ion Pombar Kultura zinegotziak.
Liburuarekin batera, bideoklipa osatu dute Garazi Ugalderen hitzekin eta Iñaki Labakaren musikarekin, Elkartasun-haizeak izenburukoa. Liburuan bertan ageri den QR kode batekin ikus ahalko da bideoklipa, larunbateko 12:30etik aurrera. Hau da, aurkezpenaren ondoren.
Argitalpenak Lezoko Udalaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.
Laugarrena
Xalto eta Brinko Animazio Elkartea loditzen ari da apurka Lezokuak saila. Lehen lana 2018koa da, Juanes Salaberriaren hilketa; 2019an argitaratu zuten Maria Labaienen apustua; eta 2020koa da Lope de Isasti eta Goiko Elizako ‘Aziyua’.
Ipuin bilduma ilustratua Lezokuak, “bertan gure herriko pertsonaia edo gertaera historikoak eta beren garaia azaltzen saiatzen gara modu nobelatuan”. Irakurterrazak dira argitalpen den-denak, “helburu akademikoa baino, kuriositatea pizteko xeda dutelako”. Lezoko euskalkia erabili izan dute argitalpenetako elkarrizketetan.
Liburuak herriko ikastetxeetako 12-16 adin tarteko gazteen artean banatzen dituzte. Horiek irakurritakoan, egilea ikastetxe horietara joaten da dinamizazio literario saioak ematera.