[Galeria] Etxez etxeko laguntzako langileek "hitzarmen duin bat" exijitu dute
Hamarnaka emakumek kaleak hartu dituzte euren egoera prekarioa salatzeko. "Gutxieneko soldata baino zertxobait gehiago kobratzen dugu".
Pasaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak kalera atera ziren atzo goizean, “hitzarmen duin baten aldeko borrokan”. Udalerriko emakumeen borrokei eskainitako omenaldia probestu zuten euren egoera prekarioa bistako egin eta kolektiboaren aldarriak jendaurrean jartzeko; Pasaiako Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioaren atzean eraman zuten euren pankarta, eta ekitaldiaren bukaeran hartu zuten hitza, Ibaiondo pilotalekuan.
Langileetako bi, kolektiboaren izenean, mikrofonoaren atzean jarri eta kolektiboaren lan baldintza eskasen berri eman zuten: “Hamar urte daramatzagu soldata igoerarik gabe”. Euskaraz eta gero gaztelaniaz aritu ziren.
Emakumeak dira jendaurrean agertu ziren guztiak, eta errealitatearen isla garbia da hori, etxeetako laguntza zerbitzua eskaintzen dutenak emakumeak baitira gehienbat. Egoera horrek soldata arrakala agerian uzten duela salatu zuten, eta emakume okupatuek pairatzen duten prekarietatea orobat. “Gure kasua da horren adibide argia”, deitoratu zuten.
Hitzarmen duin bat
Herriko langileek gaitzetsi zuten euren lana egiteko titulazio eta ikasketa espezifikoak exijitu zaizkiela, profesionalak direla eta egiten duten lana egiteko formakuntza zehatza dutela, eta halarik ere, eraikinen eta lokalen garbiketaren hitzarmenaren baitan kokatzen dutela euren egitekoa. Horren arabera, “gutxieneko soldata baino zertxobait gehiago” kobratzen dute.
Langile gisa jasaten duten eskubideen urraketa ere gaitzetsi zuten, izan ere, gaixotuz gero baja hartu behar badute, soldataren laurdena kentzen dietela esan baitute. “Betebehar asko ditugu, eta eskubide gutxi”.
Hori horrela, langileen enpresa kudeatzaileari eta Pasaiako Udalari zuzenean galdegin zieten atzo haiekin negoziatzera eser daitezen, “egiten dugun lana onartu eta baloratu dezaten, eta beraz, merezi dugun hitzarmen duin bat sina dezaten”.