Desgaitasunen estereotipoekin hausteko testigantzak
Desgaitasuna duten pertsonekiko dugun begirada aldatzeko helburuarekin, Hegalak Zabalik Fundazioak hitzaldiak antolatu ditu. Lekuonan izango dira datorren astean.
Hegalak Zabalik Fundazioak ‘Desberdintasuna bizi’ hitzaldia antolatu du Errenteria-Oreretan datorren ostegunean, hilak 24, 18:30ean, Lekuona Fabrikan. Hitzaldi hori publikora irekia izango da, eta desgaitasunen inguruan dauden estereotipoak hausteko sentsibilizazioan murgilduko dira.
Horretarako, desgaitasuna duten hiru emakumeren testigantzak jasoko dira, eta daramaten bizi estiloaren inguruan mintzatuko dira. Hitzaldi horien helburua argia da: desgaitasuna duten pertsonekiko dugun begirada aldatzea. Saioak Roberto Herrero kazetari eta idazleak moderatuko ditu, eta parte hartuko duten emakumeak Miren Martiarena, Zuriñe Anzola eta Juncal Cepeda dira.
Hegalak Zabalik Fundaziotik aipatu dute, azken urteetan aurrerapausoak eman badira ere, desgaitasuna duten pertsonen parte hartzea eta inklusioa lortzeko oraindik bide luzea egiteko dagoela. Horregatik bideratu nahi dira sentsibilizazio jardunaldiak, gaiaren inguruan sakontzeko, tabu eta estereotipoak deuseztatzeko eta pertsona guztientzako hizkera komun bat sortzeko.
Hitzaldira joan ahal izateko, sarrerak webgunean edo Lekuona Fabrikako leihatilan eskuratu daitezke.