Primerakoa da Munttarpe
Munttarperen gizonen taldeak Gipuzkoako Lehen Mailan jokatuko du 2022-2023 sasoian, bere liga irabazi duelako.
Munttarperen gizonen taldea Gipuzkoako Bigarren Mailako Ligaren txapeldun izan da. Ondorioz, hurrengo urtean Lehen Mailan jokatzeko eskubidea irabazi dute. Iazko hutsunearen ondoren, taldea berregituratu eta mailaz igotzea ez da lan makala izan. Ahalegin handia egin dute taldekideek, beraz, igoera merezitakoa izan da. Zorionak!
Liga irabaztea ez da nolanahiko zeregina izan, ordea. Leizaran taldea ondo-ondoan izan dute beti lezoarrek sasoi osoan zehar, eta azken partidara arte ez dute lortu igoera berdeek. Sailkapen nagusian, puntutan berdinduta bukatu dute bi taldeek (34narekin), baina bien arteko norgehiagoketan izandako gol aldearengatik (31-22 irabazi zion Munttarpek Leizarani Lezon; eta Andoainen 24-22 galdu zuten lezoarrek) lortu du goreneko postua Munttarpek.
Ligako azken partida Egiaren kantxan jokatu zuen Lezoko taldeak igande goizean. Egin beharrekoa egin zuen, irabazi (18-28). Beraz, garaipenak eta Leizaranekiko goal average-ak baimendu dute sufrimendua ospakizun bihurtzea. Hurrengo urtean, beraz, herrialdeko mailarik gorenean izango da berriro taldea.
Beste taldeak
Munttarpek beste bi talde ditu, emakumeenak biak. Hala, Gipuzkoako Lehen Mailan dabilen ekipoak gutxigatik galdu zuen asteburuan Tolosan (25-24). Neska kadeteek, berriz, Leizarani zazpi goleko aldearekin irabazi zioten Bekoerrotan (23-16).