Eguzki plakak jarriko dituzte Trintxerpe eta Donibaneko lau eraikinetan
Azpiegitura publikoetan ezarriko dituzte instalazio fotovoltaikoak. EH Bildu asebete agertu da koalizioaren proposamena egikaritu izanagatik.
Trintxerpeko Azokaren gainean instalatu dituzten plakak martxan dira dagoeneko. Udalak lau instalazio fotovoltaiko ezarriko ditu Trintxerpeko Azokaren eta Alkateordetzaren teilatuan, nahiz Donibaneko Jubilatuen egoitzaren eta Nabalaldean zerbitzuen sailak duen pabiloiaren estalkian ere. EH Bilduren ekimenez jarri dituzte plakak.
2022ko aurrekontuetan oposizioko koalizioak 50.000 euro proposatu zituen eraikin publikoak hornitzeko. Instalakuntzek 10 kWp-ko potentzia izango dute bakoitzak, eta horiei esker azpiegitura horietan kontsumitzen den energiaren %20 inguru iturri berriztagarri horren bidez produzituko da, eguratsaren baitan, betiere.
Horrela, udal eraikinek sortzen duten aztarna ekologikoa murrizteaz gain, udalak berak saretik kontsumitzen duen energia kopurua ere urrituko da, fakturan aurrezki bat suposatuz. Plaken proposamenarekin batera, kale-argiterian LED argiak ezartzen jarraitzeko 20.000 euroko proposamena ere egin zuen koalizioak; udalak horretan lanean ari dela aditzera eman dute.
Bilkideak “pozik” agertu dira plakak instalatzen hasi direlako, eta datozen urteotan ildo berean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. “Nabarmendu nahi dugu helburua ez dela ahalik eta gehien produzitzea, ahalik eta gutxien kontsumitzea baizik”.
