Ukrainarekin elkartasun kontzertua denboraldia hasteko
EMKEk larunbateko saioarekin emango dio hasiera aurtengo denboraldiari, eta Errenteriako Banda Oscar Abella bakarlariarekin batera ariko da.
Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) larunbatean emango dio hasiera denboraldi berriari. Horretarako, kontzertu bat antolatu dute larunbatean, hilak 26, 20:30ean, Fatimako Elizan. Kontzertua ‘Gure Bakarlariak’ ziklo ibiltariaren barruan dago sartua, eta Errenteriako Musika Banda Oscar Abella Euskadiko Orkestrako bakarlariarekin batera ariko da larunbateko saioan. Horrez gain, kontzertuak Ukrainari elkartasuna adieraziko dio. Saioa doakoa da, baina barruan dirua bilduko da Chernobil Elkartea laguntzeko. EMKEko kideek adierazi dute guztien laguntza beharrezkoa dela eta elkartasuna eta babesa ematea garrantzitsuak direla.
Kontzertuan bost obra interpretatuko dira Alain Ayerdiren zuzendaritzapean. Obra horietako batek berezitasun handia izango du, izan ere, gutxitan ikus daitekeen ofikleido instrumentuarekin interpretatuko du abestia Abellak. Ofikleidoa saxofoiaren aurrekaritzat hartzen da, eta XIX. mendeko instrumentu ezezaguna da.
Kontzertu solidario horrek emango dio hasiera EMKEko denboraldiari, eta egitarau zabala antolatu dute bi urteko zailtasunen eta ziurgabetasunen ondoren. Horien artean, ekainaren 17an eta 18an, saio bikoitzean, egingo dutena goraipatu nahi izan dute. Donostiako Orfeoiaren 125. urteurrenaren ospakizunean, Errenteriako Musika Bandarekin batera ariko dira Lekuona Fabrikan.