Urrea Pasaia Kayakentzat, Piraguismoko Espainiako Neguko Txapelketan
Espainiako Neguko Txapelketa Nagusiaren 52. ekitaldian urrea ekarri du Sevillatik etxera Eukene Saez errenteriarrak.
Joan den asteburuan jokatu zen Sevillan (Andaluzia, Espainia), Guadalquivir ibaiko uretan, ur lasaietako Espainiako Neguko Txapelketa Nagusiaren 52. ekitaldia, eta, halaber, Master Txapelketaren 19.ena. Lurralde guztietako palistarik onenak bildu ziren bertan; artean, Pasaia Kayakenak.
Maddi Tarragona errenteriarra, Ion Carballo trintxepetarra eta Laura Zuzunegi antxotarrak esperotako helburua erdietsi zuten, neskek 43. eta 40. postuak lortu baitzituzten 23 urtez azpiko Gazteen kategorian, hurrenez hurren. Carballok, aldiz, txakalaldi bat izan zuen finalean eta 55. sailkatu zen.
Master kategorian izan zituzten urdinek emaitzarik onenak Eukene Saez errenteriarraren eta haren bikotekide Iñaki Fernandezen eskutik. Saezek urrezko domina eta titulua lortu zituen 35-39 urteko adin tartean, bakarkako lanetan, Espainiako bigarren titulua emanez Pasai Kayak taldeari bere historian, eta lehena Master kategorian.
Larunbateko bakarkako lanaren ondoren, gero eta indar gehiago hartzen ari den K-2 mistoan parte hartu zuten Pasaia Kayakeko bi beteranoek igandean, eta 40 segundorengatik ez zuten podiumeko brontzea lortu. Bosgarren postuarekin pozik agertu dira, dena den.
Datorren igandean etxean izango dute norgehiagoka: ur lasaietako Euskadiko K-2 talde-ontzien Txapelketa Irekia. Bigarren aldiz antolatuko dute, iazko arrakasta errepikatzeko asmoz. Kadeteetatik Master kategoria arteko palistak ariko lehian, eguerdiko 12etatik aurrera.