[Elkarrizketa] "Denboraldia gozatu eta aprobetxatu nahi dut, eta oso pozik nago"
Denboraldi biribila darama Errenteriako Laguntasuna taldeko txirrindulari oiartzuarrak. Aurten pistako Gipuzkoako eta Euskadiko Junior Mailako txapeldun izan da, eta gehiago nahi du.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/03/benat-garaiar.jpg)
Urte biribila daramazu. Gipuzkoako eta Euskadiko Junior Mailako pistako txapeldun izan zara. Espero zenuen hori lortzea?
Ikusita iaz pistan nahiko errendimendu ona izan nuela, aurten postu onak egiteko asmoa genuen. Erkidegoan pistako denboraldi ona egin dut, Espainiakoetan pixka bat huts egin banuen ere. Pistako garaia aurre-denboraldia dela esaten dugu, eta gustura geratu naiz.
Nola joan ziren bi txapelketa horiek?
Gipuzkoako Txapelketa taldeka lehiatu genuen. Omnium probetan lehiatzen da, hau da, lau proben arteko media bat egiten da nork irabazi duen ikusteko. Gipuzkoan erraz ibili ginen, oso ondo moldatu ginen taldean. Euskadikoan gehiago sufritu behar izan genuen, baina oso kontent nago lortutako bi emaitzekin.
18 urte dituzu soilik eta garaipen ugari lortzen ari zara. Kontziente zara lortutako guztiaz?
Oraindik ez naiz gai ikusteko zer lortu dudan. Bi urte daramatzat lasterketa onak egiten, horregatik, aurtengo emaitzek ez naute harritu. Horrelako emaitzak lortu izan ez banitu dezepzio bat izango litzateke niretzat. Baina, dena den, lortutakoa aurrerago baloratuko dudala uste dut.
Pistaz gain errepidean ere ibiltzen zara. Zein modalitate nahiago duzu? Non moldatzen zara hobe?
Emaitza aldetik, pistan hobe moldatzen naiz, baina biak ditut gustuko eta biak uztartzen ditut. Errepidean zailagoa da irabaztea txirrindulari gehiago daudelako eta maila altuagoa delako, baina bietan ibiltzen naiz.
Non lehiatuko zara datozen hilabeteetan?
Aste Santuan Espainiako Pistako Txapelketetan izango naiz, eta lau probatan lehiatuko dut. Horrez gain, pistako Europako eta Munduko txapelketetan egon nahiko nuke, Portugalen eta Israelen dira, hurrenez hurren. Errepidean, berriz, hemengo lasterketetan ahalik eta maila onena ematen saiatuko naiz. Errepidean ahal dudana egingo dut, eta pistan helburu zehatz horiek lortzen ahaleginduko naiz.
Zein aurreikuspen dituzu txapelketa horietan?
Espainiako Txapelketan aurrean egoteko esperantza daukat. Denbora onetan nago momentuz. Europan eta Munduko txapelketetan urrun nabil oraindik. Iaz egin zituzten denborak ikusita, badut lana.
Zein dira denboraldirako jarri dituzun helburuak?
Espainiako Txapelketan ahalik eta hobekien ibiltzen saiatuko naiz. Europako Txapelketako parte hartzea errepikatu nahi dut, bertan egon nahi dut berriro, eta Munduko Txapelketako esperientzia bizi nahi dut. Errepidean, berriz, Espainiako Txapelketetan egoten saiatuko naiz. Hau dut Junior Mailako azken urtea, eta aprobetxatu eta disfrutatu nahi dut. Hurrengo urtea ezberdina izango da, aurtengoa ezingo dut datorrenean errepikatu, eta aurtengoa aprobetxatu beharra daukat.
Nondik datorkizu txirrindularitzarekiko zaletasuna? Nola hasi zinen?
Gaztea nintzela aitonarekin Tourra telebistan ikusten hasi nintzen. Hortik aurrera, eskolako lagunekin bizikletan ibiltzen hasi nintzen. Gogoan dut OTXE eskolan egon zirela ikastaro batzuk jasotzen, eta haiek animatu ninduten taldean eurekin hasteko. Errepidean Laguntasuna taldearekin hasi nintzen, eta bertan jarraitzen dut.
Baduzu ametsik txirrindularitzan?
Ametsa beti profesional izatea da, ziklismoan hasi nintzenetik, baina egunez egun noa.
Noiz hasi zinen Laguntasuna klubean? Zer moduz doakizu bertan?
Klubean kadeteen lehen urtean hasi nintzen, duela hiru urte. Aurtengoa dut laugarren denboraldia. OTXEk kadeteetatik aurrera ez du errepideko taldea, mountain bikean zentratzen dira gehienbat, eta nik errepidean lehiatu nahi nuen. Hori dela eta, Laguntasunan hasi nintzen. Oiartzuar asko gara, giro ona dugu taldean, eta aurten talde ona dugu. Oso pozik nago.