Udalak progresibitatean oinarritutako zerga-politika proposatu du
Prentsaurreko bidez, 2022-2023 ikasturterako norberaren gaitasun ekonomikoen araberako udal-fiskalitate berria aurkeztu dute.
Gaur eguerdian, prentsaurreko bidez, Errenteriako udal gobernuak progresibitatean oinarrituko den zerga-politikan sakontzeko proposamena aurkeztu du. Honakoa, 2019-2023 Agintaldi Planaren baitakoa da, eta apirileko udalbatzan aurkeztuko da, gainontzeko udal taldeak jakinaren gainean dauden arren.
Aizpea Otaegi alkateak eta Garazi Lopez de Etxezarreta ogasun-zinegotziak azaldu duten moduan, proposamena 2022-2023ko ikasturtean hasiko da aplikatzen, zenbait udal-zerbitzutan. Helburua norberaren gaitasun ekonomikoen araberako fiskalitate justuago baterantz urratsak ematea litzateke, Udal Zerbitzu Publikoak denentzat irisgarriak izateko eta gaitasun ekonomikoen araberako bazterketarik ez bizitzeko. Zerga-politika berria hasiera batean honako zerbitzu hauetan aplikatuko da, hurrenez hurren: Herri Arte eskola, Udal Euskaltegia, Xenpelar Tailerrak, haur eskolako jangela, Ludoteka zerbitzua, udako oporrak, eta Familia Gunean.
Tasa eta prezio publiko zehatzak zerbitzuetan matrikulatzeko garaian argitaratuko diren arren, modu orokorrean zenbait irizpideren araberakoak izango direla aurreratu dute dagoeneko gaurkoan. Hala nola, egoera zaurgarrienetan dauden oreretarrek (RGIa edo larrialdi laguntzen onuradunak zein langabetuak) aipatu zerbitzuak doan jasotzeko aukera izango dute. Bestela, norberaren errentaren aitorpenaren araberako tarteak bereizi dituzte: Errenteriako adinez gorako emakumeen errentaren bataz bestekotik beherakoa dutenek (13.780 euro), doan; Errenteriako adin nagusikoen errentaren bataz bestekotik behera daudenek (19.850 euro), % 35a; eta herriko adin nagusikoen errentaren 70 pertzentiletik beherako ordainsaria jasotzen dutenek (25.930 euro), zerbitzuen prezioaren % 75a ordaindu beharko dute. Hortaz gain, udal ordezkariek heldutasun eta gardentasunean oinarritutako prozesuak izatea nahi dutela gaineratu dute. Beraz, deskontuak eskatzerako garaian errentaren aitorpenarekin batera, herritarrek jabetzan dituzten ondasunen balioa aurkeztu beharko dute. Izan ere, honakoak 100.000 euroko kopurua gaindituz gero, ez da deskontua luzatuko.
Dena den, zenbait irizpideren araberako kenkariak proposatu dituzte herritar ororentzat: guraso bakarreko familia izatea, etxebizitza berean erroldatutako 25 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko, desgaitasunak dituzten herritarrentzat edota zaintza partekatutako kasuetarako, besteak beste.