[Elkarrizketa] "Musikan egunetik egunera gauzak aldatzen ari dira"
Gaur hasi eta apirilaren 10era arteko egunak bestelakoak izango dira Lezon, hobeak. Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 36. ekitaldia iritsi da, beti bezala askotariko kultur erreferenteekin.
Xanti Espinak, Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolaren zuzendari den heinean, ondo ezagutzen ditu Lesoinuren barrenak. Aste pedagogiko musikala antolatzerakoan udaleko hainbat sailrekin izandako elkarlana goraipatzeaz gain, aurtengo egitarauak dituen altxorrekin pozik da.
36. Lesoinu. Tomas Garbizu Musika Eskolarentzat garrantzitsua da aste pedagogiko musikala, ezta?
Hala da, bai. Hasieratik pentsatu genuen herrian musika eskola izatea ez zela nahikoa. Erreferente bat behar zen gure lana kalera ateratzeko. Ezin ditugu ikasleak utzi bere instrumentuekin bere etxean entseatzen. Lan gogorra egiten dute, eta kanpora atera behar dute. Bestetik, erreferenteak behar dituzte ikasleek: kanpotik etortzen diren musikarien zein maila duten, eta zein musika anitza interpretatzen duten ikusten dutenean begiak zabaltzen dituzte.
Nola jaio zen Lesoinu?
Hori zehazteko, musika eskolaren beraren sorrerara joan beharko litzateke. Instrumentuei dagokienez, hasiera batean akordeoi eta txistu eskolak genituen bakarrik. Eusko Jaurlaritzaren aginduz, bestelako instrumentuak sartzen hasi ginen. Eta erreferente hurbil oso gutxi genituen. Aurtengo Lesoinuren programari erreparatuta, esaten duzu: ‘Demontre! Nora iritsi gara! Zenbateko instrumentuen aniztasuna!’. Ikasle asko, gainera, bere bidea egiten ari dira bakarlari bezala eta taldeetan. Eta originaltasunean ere aurrera urratsak egin ditugu: rock edo folk taldeak ditugu, eta haien kontzertuak egiten dituzte.
Beraz, eskolako hormen barruan ez da gelditzen lezoar musikarien talentua.
Oso garrantzitsua da hori. Gure ekarpena kalean egin behar dugu, eta herrian egiten diren kultur ekitaldi edo egitasmo askotan parte hartzen ari gara hasieratik. Urtero ia 100 emanaldi egiten ditugu, beraz, horrek esan nahi du gure kalera ateratzeko beharra herrirako onuragarri dela. Azken adibidea igandekoa da: zigortutako maisu-maistren omenaldian parte hartu genuen.
Lesoinu erreferente da, ez bakarrik Lezon. Oarsoaldean behintzat hainbeste urtez aurrera egin duten musika ziklo askorik ez da.
Gure egitasmo pedagogikoaren barruan sartuta dago Lesoinu. Beti energia handia jartzen dugu dena ondo atera dadin, eta astea erakargarri izan dadin. Eskertzekoa da aldi berean udalaren partetik jasotzen dugun laguntza, baita ikasleen nahiz haien gurasoen inplikazioa ere.
Egitarauan beti berritasunak txertatzen saiatzen zarete.
Ondo oroitzen badut, lehen Lesoinun organo kontzertu bat, Donostiako Orfeoia, eta beste koru baten emanaldia izan ziren. Noski, horrelakoak mantendu behar ditugu. Baina musikan egunetik egunera gauzak aldatzen ari dira, ezin dugu geldirik egon. Aste pedagogiko musikala da gurea, eta beti ari gara pentsatzen zer gehiago eskaini ikasleei nahiz herritarrei. Baloratzekoa da, aurten adibidez, tangoa, dantza musikarekin, musika ekoizpen digital tailerra, edo Kubako interprete berezi bat ekarriko ditugula. Ez gaude geldirik.
Lesoinu, ordea, ez da musika bakarrik. Dantza eta antzerkia ere badaude. Musika eskolaren jarduna, arte eskola izaerarantz bideratu nahi duzue?
Lezon arte eszenikoen arloan potentzial handi eta dinamikoa dago. Dantzan askotariko artistak ditugu, antzerki mugimendua ere dago, eta noski, musika. Gauza horiek kontuan hartu behar dira, eta zaindu. Kultura Lezon garrantzitsua bada, zergatik ez hori guztia arte eskola batean kontuan hartu? Uste dut bideragarria izango litzatekeela.
