[Galeria] Lehen aitortza ofiziala egin diote Esteban Muruetagoienari
Oiartzungo mediku izandakoa giza eskubideen urraketen biktima bezala aitortu du udalak gaur goizean, Arizmendienean egindako ekitaldian.
Jexux Leonet alkatea, Tamara Muruetagoiena eta Janire Mitxelena EAJko zinegotzia, alabak oroigarria jaso ondoren. Asteartean lau hamarkada beteko dira Esteban Muruetagoiena mediku oiartzuarra zendu zela, Guardia Zibilaren eskuetan hamar egun inkomunikatuta egon ondoren, tortura aztarna nabarmenekin. Testuinguru horretan, biktimari aitortza ekitaldi instituzionala egin diote gaur 13:00etan, Arizmendienean.
Oiartzungo Udalak, lehen aldiz, herrian ordezkaritza duten bi alderdien (EH Bildu eta EAJ) kontsentsuz, mediku zenari omenaldia eskaini ez ezik, hura giza eskubideen urraketen biktima bezala aitortu du.
1982ko martxoan atxilotu eta hamar egunetan zehar “tortura larriak” pairatu zituela salatu dute. Kargurik gabe libre utzi eta hiru egunetara, martxoaren 29an, hil egin zen. Joan diren egunotan Muruetagoienak eta ingurukoek sufritutakora hurbildu nahi izan dituzte herritarrak, hiru ekitaldirekin.
Tamara Muruetagoiena, alaba
Senideen izenean hartu du hitza hildakoaren alaba Tamara Muruetagoiena Ormazak, nabarmen hunkituta: “Eskerrak eman nahi dizkiet nire familiari eta udaletxeari. Hemen daude nire bi familiak, Muruetagoienatarrak eta Ormazatarrak; haiek paper garrantzitsua izan dute udalerri honetan, nire aitak bezala”.
Alaba egun Ameriketako Estatu Batuetan bizi bada ere, aitortu du “oso-oso harro” dagoela sortzez oiartzuarra izateaz, eta bertoko bizilagunek haren aita izandakoari adierazi dioten babesaz. “Maite dudan jendea zarete hemen ikusten zaituztedan guztiak. Nire bihotzean zaituztet, badakidalako zuek nire aita ere bihotzean daramazuela”.
Tamararen hitzetan, hasi berri duen bidean lehen pausoa izan da gaur goizeko aitortza, lan aski baitago egiteke: “Instituzio guztiek nire aita biktima gisa aitortu behar dute, haren heriotzari buruzko egia onartzeko”. Familiarentzat ez ezik, gizartearentzat pauso handitzat jo du gaurko aintzatespena alabak, Estebanek sufritutakoa errepika ez dadin.
Jexux Leonet, alkatea
Udalbatzaren izenean mintzatu da Jexux Leonet alkatea, Tamarari eskerrak emanez lehenik eta behin. Horrela, udalaren babes osoa adierazi dio buruak biktimari, Estebanen heriotzaren “egia ezagutzeko bidean, eta errekonozimendurako lanean”. Egia, aitortza eta erreparazioa lortzeko bidean, hain zuzen, kokatu du udalburuak gaurko ekitaldi instituzionala.
“Isilarazi eta ezkutatutako sufrimendu horiek ezagutzea ezinbesteka da”, mintzatu da Leonet, aitortu gabeko biktimen artean daude tortura jasan dutenak, eta Oiartzunen gutxienez 129 dira. “Guztiek merezi dute errekonozimendua”. Alkateak ere, Tamararen bide beretik, bide luzea gelditzen dela aitortu du: “Oraindik argitzeke daude galdera asko”.
Bukatzeko, goizeko topaketa Arizmendienean egin izanaren arrazoia ausazkoa izan ez dela esan du Leonetek, udalak bertan egindako lehen aitortza ekitaldia baita Muruetagoienarena, baina ez da azkena izango, lorategi hura Oiartzungo memoriaren txokoa izatea nahi baitute: “Egia guztien eremu izatea nahi dugu, iraganetik ikasiz, etorkizuna eraikitzeko”.
Oroigarria eman diote, bukatzeko, Jexux Leonet alkateak (EH Bildu) eta Janire Mitxelenak (EAJko zinegotzia) Tamara Muruetagoienari. Jarraian, zenbait argazki:
