Mendi irteera eta upeltegia antolatu dituzte datorren iganderako
Plan bikoitza proposatu dute Itsastarrak eta Herrerako Mendizaleak elkarteek: Toloñora igoera eta bazkaria.
Itsastarrak Mendi Taldeak eta Herrerako Mendizaleak elkarteek irteera bateratua antolatu dute datorren iganderako (apirilak 3) Toloñora (Araba, 1.271 metro), Rivas de Teresoko errepidetik. Upeltegira bisita egingo dute eguna ixteko.
Ohi bezala, ibilbide bat baino gehiago proposatu dituzte, bakoitzak bere neurrian goza dezan mendiaz:
- Ibilbide laburra. Guruztokira arte 6 kilometroko bidea. Desnibela: 290 metro. Iraupena: 2 ordu eta 15 minutu, atsedenak barne.
- Ibilbide ertaina. Monasterioko aztarnetaraino 8 kilometroko bidea. Desnibela: 465 metro. Iraupena: 2 ordu eta 50 minutu, atsedenak barne.
- Ibilbide luzea. Toloñoko gailurretaraino 8 kilometroko bidea. Desnibela: 495 metro (desnibel metatua handiagoa da). Iraupena: 3 ordu eta 55 minutu, atsedenak barne.
Antolatzaileek ohartarazi dute txangoak barne hartzen dituela Cuzcurrita de Rio Tiron (Errioxa, Espainia) udalerriko Bohedon upeltegira bisita eta bazkaria. Hori dela eta, bidaia eta bazkaria, biak batera erreserbatu beharko dira 58 euroko prezioan.
Irteera Trintxerpetik egingo dute, goizeko 07:00etan. Xehetasun gehiago eta izen emateak, posta elektroniko bidez.