Serviocio enpresak kudeatuko ditu kirol instalazioak
Kontratu berria apirilaren 1ean hasiko da, eta urtebeteko iraupena izango du. Horrekin batera, bukatutzat ematen da Oarsoaldea S.A.-ren kudeaketa.
Galtzarabordako Udal Polikiroldegia. Dagokion lehiaketa publikoa izapidetu ondoren, Errenteria-Oreretako Udalak Serviocio, Cultura, Deporte y recreación S.L. enpresari esleitu dio Galtzarabordako Udal Kiroldegiko, Fanderiako Igerilekuetako eta Beraungo Igerilekuetako instalazioetako kirol zerbitzuak emateko kontratua.
Kontratu berri hori apirilaren 1ean, ostirala, hasiko da, eta urtebeteko iraupena izango du. Gauzak horrela, bukatutzat ematen da Udalak, Oarsoaldea S.A.-ri enkargu formularen bidez, udal instalazioak bere baliabideekin kudeatu dituen hiru hilabeteko epea.
Serviocio enpresa, 2008tik 2018ra Errenteria-Oreretako kirol instalazioak kudeatu zituena, liderra da kirol instalazioen sektorean, eta 25 urte baino gehiagoko esperientzia du sektore publikoan, administrazio emakiden bidez, eta sektore pribatuan. Gaur egun, 37 kirol instalazio kudeatzen ditu. Garai berrirako, ‘Errenteria Be One’ marka komertziala erabiliko du.
Erabiltzaileei dagokionez, enpresa aldaketak ez du eraginik izango zerbitzuetan, baina datorren apirilaren 1etik aurrera, ordainagiriak Balio Erantsiaren Zergarekin jaulkiko dira berriro, zerga horri buruzko araudiak agintzen duen bezala.
