Kilometroak jaiaren eredu berria, Oarsoaldean apirilaren 26an: Milimetroak
Orereta Ikastolak, Haurtzaro Ikastolak, eta Pasaia-Lezo Lizeoak antolatuta, apirilaren 26an egingo dute Milimetroak Oarsoaldean.
Milimetroak egitasmoaren berri eman du gaur Ikastolen Elkarteak. “Festa erraldoi eta bakarra atzean utzi, eta saretzean zein auzolanean jarri du azpimarra 2022ko Kilometroak iniziatibak. Jai parte hartzaileagoa egitea eta egun batetik urte osora salto egitea dira Milimetroen helburu nagusia”, adierazi du gaurko aurkezpenean Nekane Artola lezoarrak, Kilometroak Kultur Elkarteko kide hura. Hala, Oarsoaldean apirilaren 26an egingo dute bertako Milimetroak, Errenteria-Oreretan, eta Orereta Ikastolako, Pasaia-Lezo Lizeoko, eta Haurtzaro Ikastolako DBH4ko ikasleen topaketa izango da (behean dago egitaraua).
Artolarekin batera, Orereta Ikastolako zuzendari Anartz Muxika, eta eskualdeari dagokionez Haurtzaroko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkariek izan dira aurkezpenean. Tolosaldeko ikastoletako kideak ere izan dira agerraldian, haiei baitagokie Oarsoaldekoaren ondorengo Milimetroak antolatzea, maiatzaren 20an. Ibarrako (bertan da aurtengo Kilometroak, urriaren 2an) Uzturpe Ikastolako ordezkaritza ere izan da Euskal Herriko Ikastolen Etxeak jaso duen prentsaurrekoan.
Milimetroen izaeran sakondu du Artolak: “Ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duen eredu berria lantzen ari gara, herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere”. Hori egiteko bereziki ikasleen parte hartzean jarri dute fokua, eta ikastolek duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkiete. Gainera, ikastolen komunitateak harremanean jarri nahi dituzte, “horien parte hartze erreala sustatuz eta euskarari espazio berriak eskainiz hainbat kultur adierazpideren bidez, ahalik eta modu ludikoenean”. Datozen urteetan eskualde gehiagotara heltzea da haien asmoa.
Oarsoaldeko Milimetroak
Orereta Ikastolako zuzendari Anartz Muxikak eman ditu apirilaren 26ko Oarsoaldeko Milimetroak-en gaineko xehetasunak. Errenteria-Oreretan izango da. Adierazi du “herritarren eta herritarren burujabetza” dela egunerako aukeratu duten gaia, eta eskualdeko ikastoletako DBH 4ko ikasleen topaketa izango dela. Izan ere, apirilaren 26an beteko dira Gernika bonbardatu zutela 85 urte, eta data hori baliatu nahi dute. “Egun esanguratsua da Euskal Herriko historian. Mundu osoan ezaguna, herritarren kontrako aurreneko aireko erasoa izan zelako, eta Picassoren artelanak egindako ekarpenagatik”. Hala, “munduan gertatzen ari diren erasoaldi guztien kontzientzia hartzeko” diseinatu dute Oarsoaldeko Milimetroak.
Egitarauaren barruan, goizean egingo den jarduera batean azpimarra jarri du Muxikak: 100 ikaslek Picassorem Gernika obraren bertsio koloretsua egingo dute, lau zatitan banatua izango dena. “Zuri-beltz, txiro-aberats, ipar-hego, ekialde-mendebalde, arrakala guztien metafora da Picassoren obra bera lau zatitan banatu izana”. Oreretako plazan jarriko dute emaitza. “Mundu hobeagoa nahi dugu eta posible da, gerrari ez, eta burujabetza da herritar orok nahi duguna”, zehaztu du Muxikak.
Honakoa da apirilaren 26ko egitarau zehatza:
- 09:30ean, harrera Agirre Lehendakariaren plazan.
- 10:00etan, margoketa tailerraren hasiera.
- 12:30ean, ekitaldi nagusia Jautarkol plazan Mikel Urdangarinekin eta Haritzaren Itzala taldearekin.
- 14:30ean, goizeko jarduerak bukatuko dituzte.
- 19:00etan, dantza eta musika emanaldia Herriko Plazan. Partaideka: Kukai Dantza, Haritzaren Itzala jazz taldea, Mikel Urdangarin abeslaria, Andoitz Antzizar trikitilaria. Orereta Ikastolako 27 ikaslek, musika eta antzerkiaren bidez, ankerkeriaren salaketa eta elkartasunaren aldarria egingo dute.