Atlantikaldiaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute
Irailaren 15etik 18ra izango da 'Itsas kodeak' lelopean, eta asmoa da pandemia aurreko formatuan berreskuratzea.
Atlantikaldia aurkeztu dute Maite Gartziak, Aizpea Otaegik eta Iker Tolosak. Atlantikaldiaren bederatzigarren edizioa ospatuko da aurten, eta Errenteriako Udala eta eragileak elkarlanean daude dagoeneko. Jaialdia irailaren 15etik 18ra izango da, eta gaur goizean Lekuona Fabrikan egin den prentsaurrekoan, Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Atlantikaldia jaialdiko zuzendariak nabarmendu dute azken bi urteetako pandemia egoerak ezarri izan dituen baldintzetara egokitu ondoren, ideia dela aurtengo Atlantikaldirako pandemia aurreko formatua berreskuratzea.
2014tik etenik gabe ospatu den Kultur Topagune eta Musika Jaialdia ‘Itsas kodeak’ lelopean iritsiko da aurten. Lengoaia unibertsala dira itsas kodeak, herri ezberdinen arteko komunikaziorako baliatu izan direnak. Atlantikaldiak kulturen arteko elkarbizitza helburu izan du bere sorreratik, eta lengoaia komunak sustatzea lortu du musika, dantza eta beste hainbat espresio artistikoren bidez.
Alor artistikoaz gain, harremanak sortzeko zein herritarren arteko komunikaziorako moldeak ere eskaini ditu Atlantikaldiak bederatzi urte horietan. Hori dela eta, aurtengo edizioak itsas kodeei keinu egingo die, urte horietan zehar jaialdiak bere egin dituen eta sortzear dauden kode horiei guztiei.
Egitaraua osatzeko proposamenak
Atlantikaldia nortasun handiko hitzordua izatea lortu da, eta hein handi batean eragileek programazioa osatzeko egin izan dituzten proposamenei esker egin dela aipatu dute Udaleko kideek. Aurtengo ediziorako eragileekin mantentzen den harremanera itzuliko dira, Udalak berriro ere proposamenak jasotzeko. Proposamenak jasotzeko epea gaur ireki da, eta maiatzaren 8ra bitarte egongo da zabalik. Beharrezko dokumentazioa online aurkeztu beharko dute eragile horiek, Atlantikaldiaren webgunean dagoen galdetegi baten bidez.
Proposamenak baloratzerako garaian, antolakuntza batzordeak honako irizpideak izango ditu kontuan: urtean zehar antolatutako ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hau da, berrikuntzaren bat barneratzea; herritarren parte hartzea sustatzea; eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako egitasmoa izatea; eta kultur aniztasuna bultzatzea.
Antolakuntza batzordeak proposamenen balorazioa egin ondoren, igorleekin harremanetan jarriko dira.
Sorkuntza ardatz
Atlantikaldiaren zutabe garrantzitsua da sorkuntza. Itsas Elkarrizketen bidez, jaialdiaren lehen edizioetatik, jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan izan ditu jaialdiak ikuskizun eta adierazpen artistiko bakarrak sortzeko.
Atlantikaldiaren bereizgarri nagusietako bat bilakatu dira elkarrizketa horiek, eta sorkuntzak jaialdian presentzia duten diziplina guztiak barneratu ditu: musikatik gastronomiaraino.
Horren adibide da aurtengo jaialdiaren irudia. Ondarroako Andoni Gartzia diseinatzaileak eta Mexikoko Los Metzicans ilustratzaile eta muralgileek elkarlanean osatu dute. Hilabeteak eman dituzte Atlantikoko bi ertzetatik lanean, eta kartel hori Mexikoko eta Euskal Herriko tradizioak batuz sortu dute: erdialdean ‘tonatiuh’ eguzki mexikarra irudikatu dute, eta bere printzak euskal traineruekin irudikatu dituzte.
