Arrakasta baten liburua
Atzo aurkeztu zuten Lekuona Fabrikan 'Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta' liburua. Izen bat gailendu zen: Joan Mari Torrealdai.
Lekuona Fabrikako Plaza Gorriko zabalgunean elkartu ziren atzo arratsaldean Joanmari Larrarte, Mikel Azkarate eta Arantxa Iraola. Lehena Egunkaria. gizarte zibilaren arrakasta liburua aurkezteaz arduratu zen; bigarrena, Egunkaria Sortzen Batzordeen lanaz mintzo zen, herriko ikuspegitik; hirugarrenak, saioa gidatzeaz gain, garai baten testuinguruan kokatu ahal izateko galderak jarri zituen mahaiaren gainean. Eta pertsona baten izena gailendu zen: Juan Mari Torrealdai. Hura izan zen liburuaren testu gehien-gehienen egilea, eta Larrartek findu eta forma eman zion argitalpenari. Torrealdairen ia azken hatseraino elkarlanean ibili ziren biak, 2021eko uztailaren 31n hil zen arte.
“Nik ez nuke hemen egon behar”, hasi zen atzokoan Larrarte. Hura ari da Euskal Herrian zehar liburuaren berri ematen. Joan Mari Torrealdaik beharko luke, liburua eskuan, egindakoa azaltzen. Edonola ere, Larrartek nabarmendu zuen Torrealdariren asmoa ez zela Euskaldunon Egunkaria-ren historia jasotzeko liburua egitea, “Joan Marik esaten zuen norbaitek idatziko zuela historia. Batez ere Egunkaria-ren sorreran eta garapenean zentratutako lana da”.
Zortzi kapitulukoa, horiek binaka antolatuak lau atal nagusitan. Egitura hori du liburuak. Horien gaineko traza nagusiak eman zituen Larrartek atzo. 1990eko abenduaren 6an kaleratu zuten Egunkaria-ren lehen zenbakia, eta horra artekoak, ondorengoak, eta aurreragokoak daude jasota, betiere Torrealdairen bizipenetan oinarrituta. Gogoetaz betetako lana da, euskalgintza, Euskal Herriko testuinguru politikoa, euskarazko hedabideak, euskarazko egunkari baten beharra, eragile eta alderdi politikoen arteko aldeak eta elkarlanak… Egunkaria-ren itxiera ere jasoa du, horren gaineko hainbat dokumentu esanguratsuren gogoeta eta guzti. Azken atalean, Egunkaria era batera edo bestera lagundu zuten hildakoei aitortza egiteko tartea dago, baita eskertzen zatia ere.
Herri batzordeak
Ez balitz herritarrengatik, ez legoke Egunkaria-rik, edo Berria-rik. Argitalpenean etenik gabe presente dagoen ideia da hori. Gizarte zibilarengatik ez balitz, ez legoke euskarazko egunerokorik 1990tik Euskal Herrian. Gizarte zibilaren arrakasta izan zen, batik bat, hedabidea sortzea. Horretan ezinbesteko zeregina izan zuten herri batzordeek, Egunkaria Sortzen taldeek.
Mikel Azkarate Errenteria-Oreretako lantaldeko kide izan zen. Atzo aitortu zuen 1990eko testuinguru sozial eta politikoa gatazkatsua zela hainbat arrazoirengatik, baina hasieratik garbi zutela zein zen haien joko eremua. Hau da: Egunkaria izango zenari bultzada emateko ertz askotatik kontrakotasuna jasoko zutela bazekiten, baina “ilusioa, elkarlana, eta emozioa” denaren gainetik gailendu zirela. Azkaratek adierazi zuen dendaz dena, etxez etxe joan zela herriko 8-10 pertsonako taldea euskarazko agerkaria laguntzeko diru bila, akzioen salmentan izan zirela, eta antolatu zituzten ekitaldien artean bereziki nabarmendu zuen 1990eko uztailaren 13an herrian egin zen jaialdia, Donostiako belodromoan antolatu zuten festa erraldoiaren atariko. Gainera, batzorde horretan ibili zirenek, behin Egunkaria martxan, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartearen sortzaileen artean izan zirela zehaztu zuen. Gizarte zibilarentzat aldeko beste tanto bat, kasu honetan herrirako.
2003ko otsailean Egunkaria itxiarazi zutenean, berriz ere lubakira itzuli zirela adierazi zuen Azkaratek, “orduko hartan haserre, baina emozioarekin aldi berean”. Gizarte zibilak berriz ere erantzun zuen, arrakastaz.