[Galeria] Haurtzaroko ikasleek Katxalin eta Izan Inurri elkarteak lagundu dituzte
LHko ikasleek egindako lanketari esker, bularreko minbizia dutenen laguntzarako bi elkarteentzat 6.000 euro lortu dituzte.
Haurtzaro Ikastolako LH6ko ikasleek bularreko minbizia duten pertsonak laguntzen dituzten Katxalin eta Izan Inurri elkarteak babestu dituzte. Haien sostengurako 6.000 euro lortu dituzte, ebaluazio bukaerako diziplinarteko konpetentzian egindako lanari esker. Bi galdera jakin erantzun zituzten ikasleek, elkarlanari esker: Hobetu dezakegu gure bizitza? Nola?, eta Hobetu dezakegu besteen bizitza. Nola?
Galdera horien erantzunak bideorri, lanari ekin zioten ikasleek, hiru taldetan banatuta. Zereginaren jasotzaileak identifikatu, eta horien aldeko lanak nola eta noiz egin planifikatu zuten LH6koek. Erabaki zuten dirua bilduko zutela Katxalinen eta Izan Inurriren alde, elkartasun azoka batekin (martxoaren 8an egin zuten), errifak saltzen, eta hainbat tokitan eltzeitsuak jarrita.
Horren guztiaren emaitza, oso esanguratsua: 5.932,69 euro lortu dituzte haur oiartzuarrek Katxalinentzat eta Izan Inurrirentzat, ia 3.000na euro, beraz. Noski, bi elkarteetako arduradunak Oiartzunen izan ziren elkartasun egitasmoaren berri izateko, nahiz diru etekina jasotzeko. Aski pozik, nola ez. Eskerrak eman zizkieten ikasleei.
Haurtzaroko LH6koek eskerrak eman dizkiete era batera edo bestera egitasmo honetan bidelagun izan dituztenei. Aipamen berezia egin diete Dixidu Diseinu Grafikoari eta Tolare jatetxeari. “Jakin ekimen hauekin ikasi dugula guk ere zerbait egin dezakegula besteei laguntzeko eta besteen bizitza hobetzeko”; hori iniziatibaren hastapeneko bi galderen erantzuna.