Hizkuntza gutxituen bizipenak partekatu dituzte ikastetxeetan
Herriko ikastetxeetako DBH 3. mailako ikasleak hizkuntza gutxituen lanketa egiten ari dira, eta hainbat ordezkari indigenarekin izan dira aste honetan.
Hizkuntza gutxituen lanketa egin da herriko ikastetxeetan aste honetan. Herriko ikastetxeetako DBH 3. mailako ikasleak hizkuntza gutxituen lanketa egiten ari dira kulturarteko programaren baitan, Garabide elkartearen eskutik eta Udalaren laguntzarekin.
Lanketa horren barruan, aste honetan zenbait herrialdetako ordezkari indigenak herriko ikastetxeetan egon dira eta ikasleekin hizkuntzen inguruko bizipenak partekatzeko aukera izan dute. Honakoak dira Errenteria-Oreretan egon diren ordezkarien herrialdeak eta hizkuntzak:
- Mexikoko hizkuntzak: nawat, tutunaku eta Yucatango maia.
- El Salvadorreko hizkuntza: nawat pipil.
- Guatemalako hizkuntza: quiché.
- Kolonbiako hizkuntza: nasa yuwe.
- Ekuadorreko hizkuntza: kichwa.
- Boliviako hizkuntzak: guarani eta quechua.
- Peruko hizkuntza: quechua.
- Txileko hizkuntza: mapuzugun.
- Ipar Afrikako hizkuntza (Maroko, Melilla eta Aljeriako Kabilia): tamazigh.
Aste honetan egindako saio horiek urte osoko prozesu baten parte dira. Azaroan eta abenduan Garabide elkarteko kideek hitzaldiak antolatu zituzten ikasleekin hizkuntzen aniztasunaren garrantziaren inguruan aritzeko, eta, besteak beste, munduan zer gertatzen ari den eta zergatik ari diren hizkuntzak galtzen aztertu zuten. Horrez gain, herriko Errenteria-Oreretako hizkuntzen aniztasuna ere landu zuten.
Otsailean Garabidek sortutako dokumental bat landu zuten ikasleek gelan, ‘Beltzean mintzo’ izenekoa, 2011n etorritako ordezkari indigenen testigantzak jasotzen dituena. Aste honetan herriko DBH 3. mailako geletan hitzaldiak eman dituzte ordezkari indigenek eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte ikasleek beste hizkuntza gutxiagotu batzuen testigantzak.
Programa horretako azken saioa ekainean izango da, eta, horretarako, inkesta bat egingo dute ikastetxe guztietan DBH 3ko hizkuntza paisaia zein den ezagutzeko.
Indigenen ordezkariak Euskal Herrian
Ikastetxeetako bisita horiek martxan jartzeko, indigenen ordezkariek Euskal Herrian egiten ari diren egonaldia baliatu da. Egonaldi hori ‘Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategien Lankidetza Sarea’ programaren barruan dago. Funtsean hizkuntzak biziberritzeko estrategien inguruko formazio bat da, hamabi hizkuntza komunitate ezberdinekin egiten ari direna.
Programa horrek bi hilabeteko online zati bat izan du, eta orain aurrez aurreko zatia egiten ari dira. Garabideko egoitzan hainbat saio egiteaz gain, euskara biziberritzeko funtsezkoak izan diren hainbat erakunde bisitatzen ari dira, hala nola, Euskaltzaindia, Diputazioa, Udalak, ikastolak, eskola publikoak edota komunikabideak.
