Pasaiako kontsumo bonuak: 10 euroren truke, 15 euroko erosketa
Pasaiako Udalak eta Laurak Batek Pasaiako bonuen txanda berria prestatu dute. 9.400 txartel jarriko dira eskuragai.
Udalak, Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean, Pasaia bonuak izeneko iniziatibaren txanda berria prestatu du, tokiko kontsumoa bultzatzeko. Denera 9.400 txartel jarriko dira salgai 10 euroko prezioagatik, eta 15 euroko erosketa egin ahal izango da horietako bakoitzarekin.
Guztira 47.000 euro bideratuko dira udal aurrekontutik kanpainarako (EH Bilduk proposatuta). Covid-19ak eragindako krisia arintzeko ez ezik, Ukrainako gerrarekin lotutako prezioen igoerari aurre egiten laguntzea ere bada sustatzaileen asmoa. “Azken batean, helburua da Pasaiako txikizkako merkataritzan, zerbitzu-enpresa txikietan eta ostalaritzan kontsumoa erraztea; jasaten ari garen krisiak establezimendu txiki horietan eragiten duelako gehien”, esan dute udaletik.
Orotara 9.400 Pasaia bonu jarriko dira salgai. Horietako bakoitzarekin 5 euroko diru laguntza emango dio udalak erosleari, izan ere, 10 eurogatik erosi ahalko da txartel bakoitza, eta horrek 15 euroko kontsumoa egitea ahalbidetuko dio pasaitarrari. Baldintza: erosketak behin egin behar dira, eta bonuak erosten diren establezimenduan.
Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek atxikitzeko eskaera egin beharko dute apirilaren 13a baino lehen, udalaren webgunearen bitartez. Interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Jendaurreko salmentarako establezimendua Pasaian egotea, eta Pasaiako udalerrian ordaintzea JEZ.
- ETEa izatea (Enpresa txiki eta ertainak), 10 langiletik beherako plantilla edukitzea, eta urteko fakturazioa 1.000.000 eurotik beherakoa.
- Zerga-betebeharretan eguneratuta egotea.
Eskaerak, ahal dela, Udalaren Erregistro Elektronikoan, Herritarren Arreta Zerbitzuetako (HAZ) bulegoetan edo Laurak Bat elkartearenetan egingo dira. Elkarte hori kanpainaren erakunde laguntzailea izango denez, bere lana izango da bonuen kudeaketa eta horien justifikazioa egiaztatzea.