"Zuek bizi ahalko zenukete hilean 1.000 euroko soldata batekin?"
Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek greban jarraitzen dute, eta azken plenoan agerraldia egin zuten, zinegotziekin parez pare aritzeko.
Astearteko hileroko ohiko udalbatzarra arin joan zen: Izaskun Gomez alkateak bertan zehazturiko puntuen berri eman, eta bozkatu ahal zirenetan aho batez egin zuten bat lau alderdi politikoek. Hemen klik eginda kontsulta daiteke gai-zerrenda zein izan zen. Galde-eskeen atalean hitza hartu zuten Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek, eta zio horrek hartu zuen atzoko pleno aretoko elkarrizketaren tarterik zabalena.
Joan den asteko astelehenetik greba mugagabean dira Pasaiako Etxez Etxeko Laguntzako langileak, eta udaletxeko pleno aretoan agertu ziren haietako batzuk, bizitzen ari diren egoeraren berri eman eta udalbatzari konponbideak eskatzeko. ELAko eledun Xabier Udabe haiekin batera agertu zen Arizabalo Jauregian, eta hura izan zen lehen hitza hartu zuena: “Udal ordezkaritza honi eskatzen dioguna da langileen lan baldintza eskas hauek hobetzeko baliabideak jar ditzala”.
Dagoeneko bildu dira arazoaren hiru aldeak (udal arduradunak, langileak eta Eulen enpresa kontratatzaileko arduradunak), baina eskaini zaien soldata igoera gutxiegitzat jo dute, “abiapuntua oso baxua baita”. 1.190,06 euroko soldata gordina dute gaur egun, eta azken hamarkadan ez dute igoerarik izan. “Gizarte zerbitzuak oinarrizko lan zerbitzuak direla esaten dugu”, gaitzetsi zuen Udabek, “baina hori esateaz gain baliabide bidez lagundu behar da”.
Langileek nabarmendu dute, gainera, soldata hori lanaldi osoan daudenek (astean 35 ordu) bakarrik jasotzen dutela, baina gutxiengoa dela ordu kopuru hori betetzen duena, gehienek kontratu murritzagoak dituztelako edo orduka zerbitzu jakinak eskaini ohi dituztelako.
Udalaren erantzuna
Loreto Osak erantzun zien: “Egoeraren berri izan genuenean bertan elkartu ginen langileen ordezkari, enpresa eta sindikatuekin. Gure eskuetan zegoen eskaintzarik onena egin genuen, baina ez dugu oraindik erantzunik jaso”. Proposamena baztertu zutela jakintzat eman zuen hark, grebak aurrera jarraitzen zuela ikusita.
Udal gobernuaren eskaintza honakoa da: langileek gaur egun orduko kobratzen dutenarekiko 25 euroko (+BEZ) handitzea 2023an, eta 27 euro (+BEZ) handitzea 2024etik aurrera. Biak ala biak %25eko gehikuntzarekin jaiegunetan.
2020erako %10,18an handitu zuen udalak zerbitzu horren titular den Eulenentzako aurrekontua, langileen soldatak euro bat ere igo ez zirelarik. Diru horrek etxez etxeko langileen lan baldintzetan isla izango zuela ez bermatu izanaren errua bere gain hartu zuen Izaskun Gomez alkateak: “Gure gain hartzen dugu, guztiz, diru horrek zuei onuraren bat eragingo zizuela ez lotu izana”.
Greban eta protestan jarraituko dute
Enpresak eginiko eskaintza ez da nahikoa, eta udal arduradunek diote hitzarmena ezin dutela hautsi berritu berri dutelako; kontratua otsailean iraungiko da, eta udal gobernuak konpromisoa hartu du data hori helduta Euleni luzapenik ez eskaintzeko, baizik eta lehiaketa berria atera eta horren oinarrietan bermatzeko langileen lan baldintzak hobe daitezen.
Bien bitartean, emakume langile horiek borrokan jarraituko dutela adierazi dute. Hitzarmena negoziatzeko data heltzen denean euren beharrak ase daitezen galdegingo dute, baina bien bitartean, urte honetan, enpresari baldintza minimo batzuk bermatzeko eskatzen jarraituko dute. Orain arte eskaini zaiena ez da nahikoa, eta argi esan zieten bilkuran zinegotziei: “Orain ez dugu galtzeko ezer, eta munduko denbora guztia dugu borrokan jarraitzeko”.
Orain arte lana geltzeko beldur zirelako isili izan direla errepikatu zuen batek baino gehiagok, baina nazkatu dira. “Pandemian soilik gogoratu zarete gutaz”, esan zion haietako batek alkateari, “esker oneko gutun bat bidali zeniguten; eta orain, behar zaituztegunean, non zaudete?”. Gizarteko talde zaurgarriei laguntzak eman ohi dizkieten moduan, haien muturreko egoera ere aintzat har dadin eskatu zuten.
“Zuek bizi ahalko zenukete hilean 1.000 euroko soldata batekin?”, galdetu zien batek ordezkari politikoei. “Oso gogorra da hilabetea jendea zaintzen pasa eta zu inork zaintzen ez zaituela ikustea, hil bukaerara iritsi ezin duzunean”.