Madalenek badute kartel garailea
Epaimahaiko kideek Angel Blanco Egoskozabalen 'Zazpitan' kartela saritu dute. Bozketa herrikoian, berriz, Izaskun Armezaga Zendoiarena nagusitu da.
Madalenek badute aurtengo jaietako kartel garailea. Gaur goizean ezagutarazi dute irabazlea epaimahaiko kide diren Izaro Mariezkurrenak, Urtzi Ibarguenek, Korro Herrerok, Madalenetako Jai Batzordeko Itsaso Basterrak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak.
XXXVI. Madalenetako Kartel Lehiaketan aurkeztu diren 143 lanen artean, Angel Blanco Egoskozabal egile errenteriarraren ‘Zazpitan’ kartela izan da irabazlea. Horrez gain, herritarrei bideratu zitzaien bozketa irekian, Herri Sarian, Izaskun Armezaga Zendoia errenteriarraren kartela izan da garailea. Epaimahaiko kideek aipatu dute jende askok hartu duela parte bozketa horretan eta askotariko erantzunak jaso dituztela, baina guztietatik Armezagaren ‘Iritsi dira festak’ nagusitu da.
Lehiaketara aurkeztu diren 143 karteletatik, 50 ikusgai daude Xenpelar Etxean ekainaren 15era arte irekita egongo den erakusketan. Epaimahaiko kideek nabarmendu nahi izan dute leku askotatik jaso dituztela kartelak, eta berezitasun gisa azaldu dute horietako bat Brasiletik jaso dutela.
Sariei dagokionez, Angel Blancoren kartel garaileak 850 euroko saria jasoko du; eta Izaskun Armezagarenak, berriz, Madalenetako Jai Batzordeak uztailaren 21ean antolatzen duen bazkari herrikoirako bi gonbidapen lortuko ditu. Sari horiek uztailaren 20an emango dira, Madalenetako omenduen ekitaldian.