Asteburu garrantzitsua herriko pilotarientzat
Herriartekoan palistak txapelketako finalera sailkatzen saiatuko dira bihar, eta trinketekoak, berriz, Euskal Ligako finalean nagusitzen ahaleginduko dira.
Herriarteko txapelketak aurrera darrai, eta bihar, ostirala, finalerdietako itzulerako partidak jokatuko dira Agustina Otaola pilotalekuan, 19:15etik aurrera. Errenteriako paleta eta pala motzeko taldea nor baino nor ariko da Olaberriaren aurka. Joaneko bi partidak Olaberriako taldeak irabazi zituen, eta errenteriarrek, finalera sailkatu nahi badute, norgehiagokak irabazteaz gain, 8 puntuko desabantaila irauli beharko dute. Erronka erraza ez den arren, aukerarekin dira Errenteriako palistak. Horrez gain, taldetik pilotazale guztiei deia luzatu diete frontoiko harmailak betetzeko eta Yorel, Ibon, Abel eta Ruben pilotariak animatzeko.
Trinketeko finalak
EPLEko Aranburu, Taberna eta Chiapuso pilotariek kluben arteko Euskal Ligako Trinketeko finalak jokatuko dituzte bihar Abadiñoko Tornosolo pilotalekuan, 18:30etik aurrera. Aranburu eskuz banaka ibiliko da Zaramaga klubeko pilotariaren aurka, eta Taberna eta Chiapuso, berriz, binaka ariko dira Hartzak Leioa klubeko bikotearen kontra. Hiru pilotariak une onean iritsi dira finalera, eta gogo handiz daude txapela eskuratzeko.