[Elkarrizketa] "Datorrena datorrela, aurre egin eta lanean jarraituko dut"
Leganesen utzita eman du aurrelari errenteriarrak azken urtea. Gauzak ezin hobe hasi baziren ere, lesio baten ondorioz desio baino gutxiago jokatu du. Dena den, baikor baloratu du esperientzia.
Denboraldia bukatu berri duzue, eta aurten Leganesen egon zara jokatzen. Nola joan zaizue sasoia?
Denboraldi kaskarra izan dugu. Hasiera oso txarra izan genuen. Asier Garitano entrenatzailearekin hasi ginen, eta harekin gauzak ez ziren nahi bezala atera. Emaitza txarrak tarteko, Garitano kargutik kendu zuen klubak eta Mehdi Nafti entrenatzailea etorri zen taldera. Berekin aldaketa nabaritu genuen, baina egia esan, denboraldia nahiko eskasa izan da eta emaitzetan ikusi da nola joan den dena.
Denboraldia bikain hasi zenuen, hamaikakoan, golak sartzen eta entrenatzailearen konfiantza osoarekin. Baina onenean zinenean lesionatu eta denbora luzez zelaietatik at egon zinen. Nola bizi izan zenituen une horiek?
Une txarrak izan ziren. Hasierako partidetan hamaikakoan nengoen, sentsazio oso onekin eta golak sartzen, baina egun batetik bestera dena okertu zen. Entrenamendu batean taldekide batek zapaldu eta hankako behatza hautsi zidan. Lesioa larria izan ez arren, espero nuena baino gehiago luzatu zen, eta denboraldia okertu zidan.
Lesionatua egon zinen denbora horretan, emaitza txarrak tarteko, Asier Garitano entrenatzailea bota zuten. Gogorra izan zen fitxatu zintuen entrenatzaileak taldea utzi behar izatea?
Garitano izan zen Leganesera etortzeko deitu ninduena. Taldetik bota zutenean niri egoera berri batean aurkitu nintzen klubean, entrenatzaile berri bat izango genuelako, eta ikusi den bezala, Naftirekin ez dut horrenbeste jokatu.
Lesioa atzean utzi, eta itzulera ezin hobea izan zenuen. Bi gol sartu zenituen Kopan, eta taldea hurrengo kanporaketarako sailkatu zen.
Lesiotik errekuperatu eta lehen partidan bi gol sartu eta asistentzia bat emateko aukera izan nuen. Gainera, garrantzitsuak izan ziren hurrengo kanporaketara sailkatzeko. Konbentzitua nintzen lesioaren ondoren denboraldiak hobera egingo zuela, baina egia esan ez da horrela izan.
Zoria tarteko, Kopako kanporaketan Realaren kontra jokatu zenuten. Nola izan zen lehenengoz zure betiko taldearen aurka jokatzea?
Sentsazio oso arraroak izan nituen, nire lehen aldia baitzen betiko taldekideen kontra jokatzen nuena. Dena den, oso polita izan zen partida hura jokatzea eta haiekin berriro elkartzea. Norgehiagoka galdu bagenuen ere, egun izugarria izan zen.
Momentu hartatik aurrera, gustatuko litzaizukeena baino gutxiago ikusi zaitugu zelaian. Nola darama profesional batek egoera hori?
Ohitu egin behar zara. Egia da nire ibilbide profesionalean batzuetan gertatu izan zaidala gutxi jokatzearena. Ez dut esango ohituta nagoenik, baina tankera horretako egoerak bizi izan ditut, eta horiek guztiek eskaintzen dizute ikasten jarraitzeko aukera. Hasiera batean ezkorra da sentsazioa, baina berdin-berdin jarraitu behar duzu entrenatzen eta jokatzen, eta entrenatzaileari ez bazaio zure jokatzeko era gustatzen, lanean gogor jarraitu behar duzu egoera irauli eta zelaira itzultzeko.
Aurten Leganesen izan zara Realak utzita, eta honakoa izan da zure bigarren denboraldia etxetik kanpo. Nola baloratzen duzu esperientzia hori?
Esperientzia izugarria izan da. Belgikan nintzela ere sarritan esaten nuen etxetik kanpo egotea, soilik bikotekidearekin, pertsonalki oso ondo etorri zitzaidala. Egoera oso polita da, zure bidea egiten duzu eta ikasteko aukerak ematen dizkizu. Profesionalki ez da oso urte oparoa izan, baina gauza berriak ikasi ditut, eta hurrengo sasoira prestatuago iritsiko naiz.
Utzita joan zinen lehen aldian urrutirago joan zinen, Belgikara. Nolakoa izan zen etxetik urruneko esperientzia hori?
Hasiera gogorra izan zen, nire lehen aldia baitzen familia eta lagunik gabe nengoena, eta gainera, etxetik urrun. Baina esperientzia orok bezala, gauza positiboak izan zituen eta haiekin geratzen naiz.
Orain arteko zure ibilbidean hiru talde profesionaletan jokatu duzu, Realean, Belgikako Eupenen eta Leganesen. Zein ezberdintasun aurkitu dituzu hiru taldeen artean?
Oso ezberdintasun handiak antzeman ditut hiru taldeen artean. Denok dakigun bezala Reala oso talde handia da Europa mailan, eta dituen instalazioak eta baliabideak kalitate handikoak dira. Esango nuke oso klub handia dela, eta nabari dela diferentzia besteekin alderatzean. Belgikako Kas Eupen taldea, berriz, xumeagoa zen aspektu guztietan. Eta Leganesi dagokionez, instalazio oso onak dituzte, nabari da Lehen Mailan egon zirela duela gutxi, baina beste hainbat gauzetan ez dago Realaren mailan.
Realaz mintzatu zara lehen, zure betiko taldeaz. Nola baloratzen duzu azken urteetan egiten ari diren lana?
Lan ikaragarria egiten ari dira. Hiru urte jarraian daramate Europan jokatzeko sailkatzen, eta oso zaila da hori guztia lortzea, eta maila hori denboran mantentzea. Etxeko gazteekin eta fitxaketa berriekin talde sendoa osatu dute, eta niretzako, egin dituzten azken denboraldiekin, merezi izan dute lortutako guztia.
Aurreko urtean zu ere Realean egon zinen, eta Kopako tituluarekin biribildu zenuten sasoia. Nola bizi izan zenuen une historiko hori? Nolakoa izan zen titulua irabaztea?
Nahiko arraroa izan zen dena. Urtebetez atzeratu behar izan zen Kopako final hura. Reala sailkatu zen urtean Belgikan nintzen, baina pandemiak dena hankaz gora jarri zuen. Hori dela eta, egoera berria tarteko, Sevillako finalean egoteko aukera izan nuen, eta izugarria izan zen titulua lortzea. Oso oroitzapen onak dauzkat.
Aurten ere futbola garrantzitsu bilakatu da Errenteria-Oreretan, Touringek Hirugarren Mailarako igoera lortu baitu. Touring izan zen zure lehen taldea. Gainera, igoera horrekin mendeurrena Hirugarren Mailan ospatuko dute. Nola bizi izan duzu egoera hori? Herrian gauzak ondo doazela esan daiteke? Mezu bat bidaliko zenieke?
Beti jarraitu izan ditut Touringen emaitzak eta albisteak. Nire txikitako taldea da, han jokatu nuen, bertan hasi nintzen futbolean, eta egia esan ohorea eta harrotasuna izan da Hirugarren Mailarako igoera lortzea. Onena opa diet lehiatuko diren maila berrian.
Aurten, gainera, Touringek Jon Bautista IV. Campusa antolatu du herriko gazteentzako. Haien ispilu izateak arduratzen zaitu?
Zentzu batean, bai. Urtero joaten naiz haiengana, eta beti galdetzen didate zer egin behar den futbolari profesionala izateko. Nire erantzuna beti berbera da: lan eta sakrifizio asko egin behar direla iritsi naizen lekura iristeko. Baina lan asko eginda ere, ez da erraza iristea. Zorte puntu bat ere behar da, eta nik momentu jakin batzuetan izan dudala uste dut. Baina, dena den, hona iristea zaila da, eta hori da nik haiei transmititzen diedana.
Orain arteko zure ibilbide profesionaleko zein unerekin geratuko zinateke?
Momentu on asko bizi izan ditut urte hauetan guztietan, eta asko datozkit burura. Vila-Realeko Lehen Mailako debuta oso presente daukat, soilik hiru minutu izan baziren ere, hura izan baitzen nire lehen aldia Realeko elastikoarekin Lehen Mailan. Rayo Vallecanori sartu nion lehen golarekin ere asko oroitzen naiz, hori izan baitzen Lehen Mailan sartu nuen lehen gola. Eta, dudarik gabe, Kopako finala irabaztea ere momentu ikaragarria izan zen. Kopa irabazi genuenean Realaren historian sartu ginen, eta berez, une hori izango litzateke garrantzitsuena.
Momentuz urtebete gehiago duzu Realarekin sinatuta. Zein dira zure asmoak datorren denboraldirako? Realean jarraituko duzu? Hemendik kanpo joango zara?
Oraindik ez dakit ezer, ez dut Realarekin ezta nire ordezkariarekin hitz egin. Egin dudan denboraldia ikusita eta Realak behar duen maila ikusita, ez dakit zer gertatuko den nirekin, baina datorrena datorrela aurre egingo diogu, eta lanean jarraituko dugu.
Madriletik itzuli eta denboraldia bukatu duzunean, deskantsatzeko irrikaz egongo zara, ezta?
Bai, hala da. Urtea luzea izan da lesio luze bat tarteko, eta, gainera, entrenatzaile berriarekin espero nituenak baino minutu gutxiago jokatu ditut. Orain, baina, sasoia bukatu dugu eta gure oporraldia iritsi da. Hilabete hau deskonektatzeko eta lagunekin eta familiarekin egoteko baliatuko dut. Ondo etorriko zait, aurrera begira indartzeko, orain izango dudan lasaitasuna eta niretzako denbora.