[Galeria] Kaleak hartzen hasia da Pasaiako Dantza Festibala
Atzo hartu zuen abiada, Antxon, PDFren laugarrenak. Asteburua dantza eta doinuz blaitzeko egitaraua prestatu dute; aurten, gainera, «bizi-mugarik gabe». Emanaldiak aire zabalean direnez, sarrerarik ez da behar.
Atzo arratsean Pasai Antxon ibili zen edonork sumatuko zuen dardara, entzungo zuen doinua eta, leku eta une egokian egoteko aukera izan bazuen, bere begiz ikusi ahal izango zuen: Pasaiako Dantza Festibala (PDF) hemen da. Ostegunarekin ekin zieten lehen dantza emanaldiei, eta igandera bitarte barrutiko plaza nagusiak hartuko dituzte.
Haatik Dantza Konpainiako Iurre Aranburu eta Aiert Beobide dira dantzaren jaialdiaren bihotza. Bigarrenak hartu zuen hitza aurtengo egitarauaren aurkezpen ekitaldian, eta sinetsita esan zuen laugarren edizio honekin, nolabait, hastapenetara bueltatuko direla, «bizi-mugarik gabe» egingo baitute aurten dantza kalean. Izan ere, pandemiaren testuinguruan, lausotuta gelditu baitzen PDFren helburua: «Dantza herritarrei hurbiltzea eta herritar despistatuak bat-batean kalean harrapatzea dantzak».
Gaur, Haatik estreinakoz
Gaurko 18:30ean hasiko dira eguneko dantza emanaldiak, Biteri plazan. Bertan eskainiko du Bilaka taldeak Basaide lana eta, jarraian, aurrenekoz arituko da talde antolatzailea festibalean dantzan: Haatik-ek Ur eskainiko du. «Arriskatu gara», aitortu du Beobidek, «oraingo honetan antolaketa lanetan aritzeaz gain, gure lana ere eskainiko dugu jaialdian».
19:15ak aldera Zo-Zongó taldeak hartuko du lur frontoi zaharrean, eta bertan emanaldia eskaini ondoren, Antxoko kaleetan barrena kalejiran abiatuko dira Kolpez blai lanarekin. «Aurten herria astintzeko gogoa genuen, eta jendeak zer gertatzen ari den jakiteko. Zer hobe horretarako perkusioa herrian zehar mugitzea baino, oihartzuna handiagoa izan dadin».
20:30ean, Bamboo Dance taldeak Idiotas lana ekarriko du Antxora, plaza horretan bertan. Festibalaren laugarren ekitaldiaren lehen eguna horrela bukatuko da.
Bihar, herrikoen eguna
Larunbata elkarte eta herriko eragileen eguna da. Aurten, birusik gabe, bueltan izango dira tailerrak, eta horietako batek, hain zuzen, irekiko du biharko eguna: Bamboo Dance taldeko Eider Rodriguezek familian dantza egiteko saioa emango du (90 minutuko iraupena izango du, gutxi gorabehera) Azokan.
13:00etan, herri dantzak eskainiko dituzte Gure Zumardia plazan Antxoko Muxikoen Elkarteko kideek, (eta haiekin bat egin nahi dutenek) Alkarkide txarangak girotuta.
Arratsaldeko lehena, 17:30ean, Iker Murillo Studio24ko ikasleen eskutik: erakustaldia eskainiko dute Biterin. Ordubete geroago, Gure Zumardira bueltatuko da dantza, Alkartasuna dantza taldeko Alkartxikik ikuskizuna eskainiko baitu plaza horretan. 19:30ean, Mikel Aristegiren Ouveo skate parkean; ordubete geroago LaRutan taldearen Etxea Biterin; eta 21:00etan, azkenik, Harrobi Dantza Bertikal konpainiak Harria herria jarriko du ikusgai Ibaiondo frontoian. «Guretzat opari bat izan da emanaldi hau», dio antolatzaileak, «sokatan, paretetan zintzilik, ikusiko ditugu dantzariak lehen aldiz festibalean».
Aurten eremu itxi batean egingo den dantza emanaldi bakarra izango da azken hori, «azpiegitura aldetik aukera bakarra baitzen», eta Beobidek azaldu du sarrerarik ez dagoela. Beraz, iristen azkarrenek tokia hartu eta eserlekuak bete arte egongo dira zabalik ateak.
Etzi, azken biak
Igandearekin bukatuko da aurtengo Pasaiako Dantza Festibala. «Hain berezia den eta hain pozik hartzen dugun barra klasikoko erakustaldia» eskainiko dute Iker Murilloren akademiakoek, ohi bezala, Ibaiondon. 12:00etan hasiko da ballet saioa, eta antolatzaileek aurreratu dute «momentu magikoa» izango dela.
Azkenik, 13:00etan, Hika eta Oinkarik Gure Zumardian lur hartuko dute nerabeak dantzara hurbiltzeko asmoz, Arte Eszenikoen Max Sarietan hautagai izendaturiko Gazte obrarekin. «Gazte ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea izango da», Beobidek.
Pozik agertu dira Beobide eta Aranburu aurtengo eskaintzarekin, eta batez ere, gonbidapen irekia egin diete bizilagunei asteburu honetan Pasaiako barrutira gertura daitezen, orotariko dantza emanaldiekin gozatua hartzera. Denentzako da PDF: «Kasualitatez tabernatik ateratzean zerbait entzun eta hurbiltzen denarentzako; dantzaz ezer jakin nahi ez duenarentzako; txikientzat, gazteentzat, helduentzat… denentzat. Hemen da Pasaiako laugarren dantza festibala».
Horra hor atzo arratsaldeko emanaldien zenbait argazki: