Harremantxo: "Herriko gizon batek bertako emakume bati eraso dio"
Herriko supermerkatu batean jazotako eraso baten berri eman du talde feministak. Erasotzailearen inpunitatea gaitzetsi dute.
Beste eraso bat, edo zehatzago esanda, eraso batzuk, salatu ditu Harremantxo Antxoko talde feministak. Izan ere, duela denbora bat barrutiko supermerkatu batean, egun-argiz, herriko gizonezko batek bertako emakume bati eraso egin baitzion, eta biktimak salaketa jarri badu ere erasotzailea kalean “egunero bereak egiten” ikusten jarraitzen dutela gaitzetsi dute; ez hori bakarrik, atakatzaileak bere burua kaudimengabe deklaratu duenez, emakumeak beregain hartu behar izan du salaketa prozesuaren kostu ekonomiko guztia.
Eta ez bakarrik ekonomikoa, halako prozesuek berauek dakarten “neke emozionala, instituzioen laguntzarik eza, bidean topatutako langileen tratu txarra eta erasotua akonpainatzeko baliabiderik eza”, horiek guztiak ere, bere bizkar hartu behar izan ditu emakumeak. Eraso bakarra izatetik urrun dago errealitate hori.
Biktimak Harremantxoko kideengana jo du, eta agresioa eman zen unean babesgabe sentitu zela aitortu die. “Inguruan zegoen jendea ikusle bezala geratu zen, laguntzarik eskaintzeko prestutasunik gabe”. Egoera horren ondorioz jarritako salaketarengatik sententzia irmo bat badago ere, gizonezkoa Antxon, ezer gertatu ez balitz bezala, ikusten jarraitzen dutela salatu dute kideek. Jarrera mehatxagarrian, gainera: “Emakumeenganako begirada lizunak, komentarioak edota oihuak” egiten.
“Feminismoaren borroka beti izan da erasoak salatzea; egoera honetan, ordea, nola salatu?”, auziak argi utzi baitu dirua, denbora eta indarra beharrezkoak direla horrelakoetan aurrera egin ahal izateko, “eta emakume askok ez du halakorik”, nabarmendu dute. Konpromiso instituzionala galdegin dute, horretxegatik, halako prozedurak errazteko.
Halakoak ez dira bakanak, egunerokoak baizik. Erosketa lasai egin ahal izatea, etxerako bidea, lanerakoa edota lagunartekoa arriskutsu bihurtzen dira; “kasu honetan egun argiz eta jendea dagoen tokian gertatu bada, zer esanik ez gauez gertatzen direnez”. Bertan bizi diren emakumeentzat Antxo herri segurua ez izateak kezkati ditu talde feministako kideak, “erasotu bezainbeste erasotzaile dago”.
Hori esanda, kasu konkretu honetan eraso egin dioten biktimari ez ezik, Harremantxorengana jo ez, baina jazarpenak jasan izan dituzten emakumeei ere babes guztizkoa azaldu diete bertoko emakumeek. “Feminismoa sarea da, oasi bat inguratzen gaituen sistema patriarkalean. Aspaldi nazkatu ginen, baina borrokan jarraituko dugu, denok aske izan arte!”.