Ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarriari buruz ariko dira
Ikastaroa asteartean izango da udaletxeko areto nagusian, 18:30ean, eta gaur da saioan izena emateko azken eguna.
Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukeren saioak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarriko aukeren inguruan informatzeko ikastaroa antolatu du hilaren 14an, asteartea, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. Tailer horren helburua da gizartean txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun jasangarriko eredu berriei buruz herritarrak informatzea.
Zehazki, gaur egun merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarri, kontsumo, salneurri, kargatzeko eskakizun eta bestelako alderdiei buruzko informazioa eskainiko da, baita mugikortasun jasangarrirako beste aukera batzuei buruzkoa ere; hala nola, ibilgailu hibridoak edota bizikleta eta patinete elektrikoak. Era berean, mugikortasun beharrei buruz hausnartuko dute, motorrik gabeko mugikortasun aukerak aztertuz eta ibilgailu elektrikoak partekatzeko dauden esperientzien berri emanez.
Ikastaroan parte hartzeko azken eguna gaur da, ostirala, eta horretarako, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea argitu@gipuzkoa.eus helbidera.
- 605 75 76 87 telefonora deitzea (09:00etatik 18:00etara).
- Informazio osagarria Argituren webgunean.
Tailerrak Energia Argitu programaren barruan kokatzen dira, eta bere helburua da Gipuzkoako sektore ezberdinei energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea. Horretarako, Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak baliabide ezberdinak jartzen ditu lurraldeko eragile ezberdinen eskura; adibidez, aurrez aurreko prestakuntza saioak, online tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak edota Energia Argitu programaren webgunea.
