Lehen Sorgingarra antolatu du Orereta Ikastolak
Datorren ekainaren 18an, larunbata, ospatuko dute izaera paganoko jaialdia. Udaburuko suaren osagarri izateko jaio da.
Oreretako Ikastolak Lehen Sorgingarra jaialdia antolatu du datorren ekainaren 18rako, larunbata. Horrela, udaburuko suaren osagarri izateko izaera paganoko egitasmo bat sortu dute. Antolatzaileen arabera, ikastolaren izaera eta baloreekin bat egiten du, eta jaiaren ardatzak herria, komunitatea, euskara eta euskal komunitatea izango dira.
Egitarauari dagokionez, ekintza guztiak ilunabarrean egingo dira. Arratsaldeko 19:30etatik hasita, Sorgingar kalejirak herriko erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu, Lehendakari Agirre plazatik abiatuta. Irurtzungo Orritz Iskidi taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzariek gidatuko dute kalejira, Herriko plazara heldu artean. Behin bertara helduta, arratsaldeko 20:30etan udaburuko suaren lehen garra piztuko da, larruz jantzita egongo diren Aitzbitarteko Lagunen eskutik. Dena ondo bidean, lehen garra horrek sua emango dio hilaren 23an Ereintza dantza-taldeak, aurresku dantzaldiaren ostean, piztuko duen belar-metari.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Orritz Iskidi, Aitzbitarteko Lagunei, eta Ereintza dantza-taldeari.