'Carmina Burana' kontzertua, asteburuan Lekuona Fabrikan
Donostiako Orfeoiak eta Errenteriako Bandak kontzertu bikoitza eskainiko dute, ostiralean eta larunbatean, orfeoiaren 125. urteurrenean.
Donostiako Orfeoia bere 125. urteurrena ospatzen ari da, eta asteburu honetan, hilak 17 eta 18, Errenteria-Oreretan izango dira Errenteriako Musika Kultur Elkarterekin (EMKE) batera ‘Carmina Burana’ kontzertua eskaintzeko. Emanaldi hori saio bikoitzean egingo da, ostiralean eta larunbatean, 20:00etan, Lekuona Fabrikan, ahalik eta entzule gehienek saioaz gozatzeko. Kontzertu hori gaur goizean aurkeztu dute Lekuona Fabrikan Aizpea Otaegi alkateak, Josu Mitxelena EMKEko zuzendariak, Alain Ayerdi EMKEko zuzendari artistikoak, Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiaren zuzendari artistikoak, Ana Otxoa sopranoak eta Aitor Garitano tenoreak.
Carl Orff konpositorearen ‘Carmina Burana’ kontzertuan 160 artista baino gehiago igoko dira oholtzara, orain arte Errenteria-Oreretan sekula ikusi ez den kontzentrazio sinfoniko koralean, honakoa izango baita udalerriak hartuko duen eszena muntaiarik handiena. Guztira 100 kantarik, 60 musikarik, 2 piano jotzailek eta hiru bakarlarik hartuko dute parte. Hauek dira oholtzan egongo diren partaideak: Donostiako Orfeoia, Errenteriako Musika Banda, Borja Rubiños eta Arkaitz Mendoza piano jotzaileak, Ana Otxoa sopranoa, Aitor Garitano tenorea, Gabriel Blanco baritonoa eta Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendaria.
Kontzertua saio bikoitzean eskainiko bada ere, sarrerak agortuak daude dagoeneko, eta EMKEko kideek azaldu dute itxarote zerrenda dutela.