Gizon bat atxilotu dute, Antxon egindako hilketa ahalegina leporatuta
Eskalantegi kalean jazo zen erasoa, joan den asteburuko igandean. Ikerketa zabalik dago, beste inplikatuak identifikatzeko.
Ertzaintzak 40 urteko gizonezko bat atxilotu du, joan den asteburuko igande goizaldean, Antxon, arma zuri batekin beste gizon bat hiltzeko saiakera leporatuta. Ikerketa zabalik da oraindik, erasoan inplikatutako beste pertsonak identifikatu ahal izateko.
Pasai Antxoko barrutian jazo zen gertaera. Eztabaida barrutiko taberna batean piztu zen eta, inplikatutakoen ihesaldi baten ondoren, Eskalantegi kalean, anbulatorioaren parean, bukatu zen, ustez.
Norbaitek Ertzaintzari abisua eman eta bertaratu zirenean, kale horretan, lurrean etzanda, topatu zuten agenteek gizonezko bat, gorputzean zenbait ebaki zituela. Lesioen larritasunen ondorioz, hura Donostia ospitalera eraman eta bertan ingresatuta gelditu zen.
Erasotzailea joan den ostiral goizean atxilotu zuten, Pasaian, giza hilketa ahaleginaren delitua leporatuta. Ospitaleraturiko gazteari arma zuriekin egindako erasoaren inplikatu nagusitzat jo du poliziak, eta beraz, herenegun jarri zuten epailearen eskuetan, hark espetxeratzeko agindua eman zuelarik.
Ertzaintzak aditzera eman duenez, arma zuriak zituzten beste hainbat pertsonek ere parte hartu zuten hilketa saiakeran. Ikerketa zabalik da, oraindik, inplikaturiko beste erasotzaile horiek identifikatu ahal izateko.