Asteburuko irteera, Xolurren asteburuko proposamena
Herriko mendi taldearen asmoa da Jaizkibelera asteburuko irteera egitea: txangoa, akanpada, gaua pasa, gosaldu, eta igandean herrian bazkaltzera.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/06/xoxolur1.png)
Handia prestatu du Xoxolur Mendi Klubak astebururako. Bi eguneko irteera proposatu dute, etxe ondora gainera: Jaizkibelera. Hala, larunbatean mendi martxa egitea da asmoa, mendian lo egin, eta igandean herrira bueltatzeko. Irteerarako izena emateko epea ostegunera arte dago zabalik, Orki taberban. Zalantzak dituenak idatz dezala taldearen posta elektronikora.
Xoxolurrekoen asmoa da larunbateko 09:00etan joatea Jaizkibel aldera: une horretan, Jaizkibelen gaua pasatzeko behar den materiala sartuko dute furgonetan (aldatzeko arropa, kanpin denda, lotarako zakua, esterilla, afaria, eta hurrengo eguneko gosaria). Partaideek gainean mendi bueltarako behar den motxila besterik ez dute eraman beharko, beraz (hamaiketakoa, bazkaria, ura, mendirako arropa egokia, eta bainua hartzeko arropa ere nahi duenak). Hala, han bertan autobusa hartu eta irteera puntura joango dira.
Eguna Jaizkibelen pasa ondoren, akanpada eremura abiatuko dira arratsalde partean. Furgonetetatik materiala atera, eta kanpalekua muntatuko dute. Ondoren, afaria eta gaubela.
Igandean mendian gosaldu, eta herrira jaitsiko dira. Baina ez dira etxera joango. Uztarrin bazkaria antolatu dute, eguna eta sasoia behar bezala bukatzeko. Menuaren prezioa 20 eurokoa izan da helduentzat, eta 9koa gazteentzat (menua ez dago zehaztua). Hartarako zerrenda Orkin dago. Egunean bertan egin behar da otorduaren ordainketa.
Xoxolurren oharra: eguraldi txarra egingo balu, ez litzateke egingo akanpada. Bai, ordea, mendi martxa bat igandean.