Klasiko batekin dator OzZinema: 'Lo que el viento se llevó'
Historiako film ospetsuenetako batekin itxiko du seihilekoa zineklubak. Proiekzioa asteartean ikusi ahal izango da, 19:00etan, Niessenen.
OzZinema Zineklubak asteartean itxiko du seihilekoa historiako film ospetsuenetako batekin, garai guztietako klasiko handienetako batekin: Lo que el viento se llevó. Zineklubeko kideek zehaztu dute inoiz proiektatu den pelikula handiena dela, eta OzZinemak Errenteria-Oreretara ekartzea lortu du.
Margaret Mitchellen izen bereko eleberrian oinarritutako filma Hollywoodeko ekoizpen klasikoenetako bat da. 1939an sortua, ikusleek 238 minutuz gozatu ahal izango dute zinemaz. Lo que el viento se llevó Victor Flemingek zuzendu zuen ofizialki. Zortzi Oskar sari lortu zituen, eta aitzindaria izan da zinematografiako teknikan eta industrian.
Filma Georgian (AEB) kokatzen da, 1861ean. Tarako hegoaldeko etxe dotorean Scarlett O’Hara bizi da, eskualdeko gazterik ederrena, apetatsuena eta berekoiena. Ashleyren maitasunagatik hasperen egiten du, baina bere lehengusinarekin, Melanie gozo eta onarekin, ezkon hitza emanda dago. Sezesio Gerra hasi aurreko azken festan (1861-1865), Scarlettek Rhett Butler ziniko eta dotorea ezagutzen du, bizizale harroputz eta abenturazalea, bere buruan bakarrik pentsatzen duena eta borrokan parte hartzeko inolako asmorik ez duena. Berak dirua eta Scarlett ederraren bihotza konkistatu besterik ez du nahi.
Lo que el viento se llevó asteartean, hilak 21, ikusi ahal izango da Niessen zinema aretoetan, 19:00etan. Sarrerak hiru bidetatik lortu ahal izango dira lau euroko prezioan: Kultura Kreaktiboaren webgunean, Lekuona Fabrikan, eta Niessen Kulturguneko leihatilan saioa baino ordubete lehenago.