Madalenetan omenduko diren elkarteei harrera egin diete
Arrats eta Ekintza Bibe elkarteak izango dira aurtengo omenduak, eta atzo bildu ziren udaletxean Aizpea Otaegi eta Eñaut Graciarekin.
Madalenetarako hilabete eskas geratzen denean, jaietan omenduko diren Arrats eta Ekintza Bibe elkarteetako ordezkariekin bildu ziren atzo udaletxean Aizpea Otaegi alkatea eta Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia.
Pandemiak Madalenak bi urtez eten ondoren, omenduek festei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko ohorea izango dute berriro, eta omenaldirako prestatutako ekitaldian oroigarri berezi bat jasoko dute. Horrez gain, Errenteriako Udalak Madalenetan antolatutako ekitaldi instituzionaletan leku berezia izango dute gordeta hala nahi izanez gero.
Arrats elkartea 1999. urtean sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, bazterketa eta gizarte zaurgarritasuneko egoeretan bizi ziren lagun batzuen eta euren senitartekoen kezkaren ondorioz sortu zena. Bazterketa egoera horiei erantzuna bilatzeko asmoz esku hartzeak, segizioak eta gizarte sentsibilizazioa lantzen hasi ziren. Ekintza horien helburua zen zaurgarritasun egoerak salatzea eta giza eskubideak eta eskubide sozialak errespeta ziezazkietela eskatzea, batez ere espetxean izandako pertsonei.
Bestalde, Ekintza Bibe ludopatiaren eta beste menpekotasun psikologikoen errehabilitazioan espezializatua dagoen irabazi asmorik gabeko erakunde bat da.