[Argazki galeria] Mindarak egoitza berria estreinatu du
Errenteriako Udalak utzitako gune berria Markola etorbidean dago kokatua, eta dagoeneko prest da erabiltzen hasteko.
Denbora luzean lokal berri bat lortzeko borrokan egon ondoren, Mindara Elkarteak gaur aurkeztu du aurrerantzean erabiliko duten egoitza berria. Gune horrek 200 metro karratu ditu, eta Agustinetako auzoko Markola etorbidean dago kokatua, 24. zenbakian. Hainbat gelaz osatutako guneak “pertsona gehiago artatu” ahal izango ditu hemendik aurrera, orain, “denontzat lekua” izango baitute. Errenteriako Udalak utzi dio egoitza elkarteari.
Mindarako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiote familiei, langileei eta kolaboratzaileei elkarteak funtzionatzen daraman denboran egindako lanagatik. 10 urte baino gehiago dira Mindara aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzearen alde lanean gogor dabilela. “Urruti” iritsi dira Mikel Izagirrek abentura hori abiatzeko eman zuen lehen pausotik, eta elkarteko kideek “urrunago iristeko energia” dutela zehaztu dute, “egunez egun inklusioaren munduan erreferente izaten jarraitzeko”.
Mindaratik argi utzi dute lokal berria “denona” izango dela, denek erabiltzeko, eta prest da euren egunerokotasuna bertara mugitzeko. Hori dela eta, irailean dituzten proposamen berriak azalduko dituzte, “dibertsitatearen izenean” bizitzen jarraitzeko.
Aurkezpenean, langile eta familiez gain, udal ordezkariak izan dira, Aizpea Otaegi alkatea buru zela. Mindaratik Errenteriako Udalak elkarteari ematen dion “etengabeko babesa” eskertu nahi izan dute, eta horrez gain, Mindararen alde lanean egon diren guztiak eskertu nahi izan dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Pilota egokituko federazioa edota babesle guztiak.
Azkenik, Mindarako kideek baietsi dute Mindara “familiena eta familientzat” dela: “Familiak dira elkartearen indarra, eurak ematen diote zentzua proiektu honi, eta aktibo manten daitezen eskatu nahi diegu”.